BERRIAk gaurko alean argitaratutako informazioari erantzun dio Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, ohar baten bidez. Azaldu du Jaurlaritzaren eginkizun eta betebeharra dela, "besteak beste, diru publikoari (diru publikoaz ari baikara. Herritarren diruaz) ahalik eta etekin handiena ateratzea. Hori da bere obligazioa. Euskararen kasuan bere erabileraren mesedean etekina ateratzea esan nahi du horrek".
LKS aholkularitza enpresaren txostenaz ere mintzatu da Jaurlaritza: "Berriak irakurketa partzial eta lerratua egin du gaurko edizioan. Irakurrita, badirudi Jaurlaritzak txostenean jasotakoa ez duela aintzat hartu eta deliberatuki hartu dituela zenbait erabaki Berriaren kontra. Hau ez da horrela. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen ere txosten horretan esaten denarekin bat etorriz, deialdian hiru faktore zuzentzaile -gaurko Berrian ezkutatzen direnak- sartu baititu euskarazko hedabideen deialdian, Berriaren diru laguntza ez beheratzea dakartenak. Ez hori bakarrik. Eusko Jaurlaritzak txosten honetan agertzen diren zenbait aholku eta proposamen kontuan hartu izan balitu, Berria nabarmen aterako litzateke kaltetua".
Irismenaren irizpidearen helburua euskarazko hedabideetan "euskararen erabilera sustatzea" da, sailburuordetzaren arabera: "Hau ez da hedabide batzuen alde eta beste batzuen kontra egitea, Eusko Jaurlaritzak hedabide guztiak hartzen baititu kontuan. Guztiak baitira beharrezko euskarazko hedabideek behar dutena lortzeko: irakurleak. Beharrezkoak dira bai egunerokoak eta baita ere 190.000 euskaldunengana iristen diren tokiko aldizkariak".
Jaurlaritzak gaineratu du "hedabide guztiak" direla garrantzitsuak eta "irakurleen onarpena lortzen dutenak" sustatu behar direla "diru publikoa eraginkortasunez, arduraz eta erantzukizunez kudeatu nahi bada". Hizkuntza Politikarako sailburuordetzarentzat, "eraginkortasunerako irizpideena da beharrezkoa den eztabaida bakarra".
4.875.000 euroko laguntza eman du Jaurlaritzak: "83 hedabide dira diru laguntza horretatik dagokien zatia jasoko dutenak. Ez dugu ezagutzen tamaina honetako ahaleginik beste inon. Eta 83 horietatik Berria da, noski, diferentzia ikaragarriarekin diru laguntza handiena jasoko duena, 1.301.963 euro. Urrutira joan gabe, Katalunian bertan 290 hedabiderentzako diru laguntza 6.500.000 eurokoa da. Eta diru laguntza handiena jasotzen duenak, 856.000 euro jasotzen ditu. Bistakoa da Jaurlaritzaren funtzioa, euskarazko hedabideei dagokionez, babesle eta sustatzaile irmoarena dela".
BERRIAren aurrekontu murrizketa ere izan du hizpide: "Berriak bere aurrekontua 484.977 eurotan jaitsi du aurten eta jaso duen diru laguntza txikiagoa izan da iazkoarekin konparatuz. 208.217 euro gutxiago. Iazko irizpide eta finantzazio maila kontutan hartu izan balitz aurten, Berriak 111.183 euro gutxiago jasoko lituzke. Beraz, aurtengo irizpide aldaketaren egiazko eragina 97.034 eurokoa izan da. Euskararekin zerikusirik ez duten interesengatik ez bada, zaila da ulertzea bere babesle nagusiarengandik, hots, Eusko Jaurlaritzarengandik, 1.301.963 euroko diru laguntza jasotzen duenak 97.000 euroko diferentziagatik honelako kanpaina bat abian jartzea".
Bestalde, Jaurlaritzak zehaztu du ez dela gobernuaren eskubidea irizpideak finkatzea, "bere betebeharra baizik. Irizpideak finkatzeko obligazioa Eusko Jaurlaritzarena da eta ez diru hartzailearen eskubidea, beste arloetan ere ez den bezala. Eusko Jaurlaritzak irizpideak behin betikoz finkatu aurretik eragile ugariren iritziak entzun eta haiekin kontrastatu ditu, beste zenbaiten artean, Hekimen, Tokikom eta Berria berarekin ere".
Gobernuak azaldu duenez, ez du Berriaren enpresa taldea babesten: "Jaurlaritzak Berriaren produktua, hots egunkaria, finantzatzen du. Berriak Eusko Jaurlaritzari emandako datuen arabera, idatzizko Berriaren aurrekontua 6.090.540 eurokoa dela esan zuen eta Eusko Jaurlaritzak, deialdi honen bidez, 1.301.963 euro eman dizkio diru laguntzetan, %21,38, hain zuzen ere. Gainerako hedabideen finantzaketa maila %18,72koa izan da".
"Konfrontazioa eta politikakeriak" alde batera uzteko eskatu du sailburuordetzak: "Bistakoa denez, Eusko Jaurlaritzak babes handia ematen die euskarazko hedabideei. Eta, Berria da, noski, diru laguntza honetaz gehien baliatzen dena. Beraz, ezin da ulertu Berriaren bizialdi osoko babesle nagusiari aurre egiteko kanpaina. Ez bada euskararen auzitik erabat bazterrean egon litezkeen batzuen interes eta politikakeriengatik sustatua. Eusko Jaurlaritzaren bidea elkarlan zintzo eta leialaren bidea da. Alde batera utzi behar dira konfrontazioa eta politikakeriak".