Israelgo Armadak hilketa selektiboen ekinbidean beste urrats bat egin zuen atzo, Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak zuen buruzagi nagusietako bat, Abdel Aziz Al Rantissi, misil batez hilda. Erakundeak Gazarako zuen burua bere bi bizkartzainekin batera hil zuen Israelek, Gaza hirian barrena auto batean zihoala, haren etxetik gertu. Erasoa airetik, helikoptero batetik egin zuen Armadak. Berehala bizilagun ugari inguratu eta «mendekua» eskatu zuten. PAN Palestinako Aginte Nazionalak gogor gaitzetsi zuen hilketa. «Agerikoa da munduarentzat herri palestinarrak inoiz baino gehiago behar duela nazioarteko babesa», esan zuen Gobernazio ministro Saeb Erekatek.
Hamaseko buruzagitzako kide Ismail Haniak Al Rantissiren odola «alferrik isuria izango» ez dela agindu zuen. PANek, berriz, zera nabarmendu zuen: «Hilketa Bushek eta Sharonek eginiko bileraren fruitua da. AEBen eta Israelen politikaren xedea argia da: palestinarren buruzagitza politikoa ri lepoa egitea. Israel sostengatuta, Ameriketako Estatu Batuek bake prozesuko bitartekari gisa zilegitasuna galdu dute». Ordu batzuk lehenago, Gazako Erez kontrolgunean ekintza suizida burutu zuen atzo gazte palestinar batek. Bere buruaz gain, soldadu israeldar bat hil eta hiru zauritu zituen. Hamasek eta Al Aksako Martirien Brigadek hartu zuten beren gain ekintza.
Arafat, Bushekin haserre
Bitartean, Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek duen «deskonexio» planaren alde agertu izana gogor gaitzetsi zuen atzo Jasser Arafatek. «Mundu honetan inork ez du eskubiderik gure lurrak eta eskubideak oparitzeko». Hitzok 1.500 palestinarren aurrean ahoratuta, PANeko presidenteak kritika zorrotzak egin zizkion AEBetako presidente George Bushi. «Gure herria eta lidergoak dira gure nazioaren izenean hitz egiteko zilegitasuna duten bakarrak», erantsi zuen Ramalan egindako hitzaldian.
Hain zuzen ere, AEBetako eta Israelgo gobernuburuek aste honetan eginiko deklarazio bateratua arbuiatu zuen Arafatek. Sharonen egitasmoa ontzat jo eta hura babestuko zuela adierazi zuen Bushek asteazkenean. Israel Gazatik eta Zisjordaniatik Jerusalemdik izan ezik unilateralki «deskonektatzeko» plana abiatzearen truke, Bushengandik zera lortu zuen Sharonek: 1948ko errefuxiatu palestinarrak beren lur eta etxeetara itzultzeko duten eskubidea ukatzea.Sharonen ekimenari jarraiki, Armada Gaza eskualdetik erretiratu eta bertako 21 kokaguneak desegingo ditu. Horrez gain, Zisjordanian dauden 150 kokagunetatik lau desegingo ditu. Egunotan erabaki horren kontrako manifestazio eta protesta franko egin dituzte palestinarrek, hala etxean nola deserrian. Liga Arabiarrak, bere aldetik, atzo salatu zuen Bushek Sharonen plana sostengatu izanak Ekialde Hurbileko bake prozesua suntsitzeko xedea duela. «AEBen babesak Israel herri palestinarrari erasotzen segitzeko aitzakia emango dio, baita Ekialde Hurbileko egonkortasuna eta segurtasuna kolokan jartzeko ere. Gainera, 1991n, Madrilgo Konferentzian ezarritako Bakea lurren truke printzipioaren bukaera izango da», adierazi zuen erakundeak, Kairon (Egipto) ordezkari iraunkorrek bilera berezia egin ondoren.Bitartean, Tullamoren (Irlanda) Europako Batasuneko Atzerri ministroek «Errepide Mapa gauzatzeko bidean urrats esanguratsu» iritzi zioten atzo Israel Gazatik erretiratzeko planari.
Preso Palestinarren Eguna
Atzo Preso Palestinarraren Eguna ospatu zuten milaka palestinarrek, hainbat hiri eta herritan. Israelek 7.000tik gora palestinar atxikitzen ditu preso, gehienak Bigarren Intifadaren kariaz atxilotuak. Presoen Eguna1980tik ospatzen dute, sei hilabeteko gose grebaren ondorioz hil ziren bi palestinarren omenez.
Jihad Islamikoko buru Abdal Shamik ohartarazi zuen «presoak akordio baten bidez askatu ezean, aukera guztiak» daudela irekita, «soldadu israeldarren bahiketak barne».Nabulusen, aldiz, itxura batean lehergailu bat atontzen ari zela, hark esku artean eztanda egin eta palestinar bat hil eta beste bi zauritu ziren. Tulkaremen soldaduek larri zauritu zuten neskatila palestinar bat, senide batzuekin auto batean zihoala tiro eginda. Umea Ahmed Tibi Balad alderdiko diputatu israeldar palestinarraren senitartekoa da.
Israelek Hamaseko buruzagiAl Rantissi hil du, misila jaurtita
Ordu batzuk lehenago, ekintzaile suizida batek soldadu israeldar bat hil eta beste hiru zauritu ditu Gazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu