Paris iparraldeko bazter auzoetan istilu handiak izan dira berriro, atzo iluntzean hasi eta bart goizaldera bitartean, bigarren egunez jarraian.
Igandean motorrean zihoazen bigaztetxo Poliziaren auto batekin talka eginda hil izanak piztu du Villiers-Le-Bel eta inguruko herrietako gazteen haserrea -talka istripuz izan zen zalantzan jartzen dute, eta, gainera, 16 eta 15 urteko nerabeak artatu gabe alde egitea egozten diote Poliziari-, eta igandean zein atzo egoitza publikoei, saltokiei eta autoei eraso diete. Halaber, borroka handiak izan dituzte Poliziarekin.
Iturri ofizialek agertu dutenez, bart gaueko istiluetan 70 poliziatik gora zauritu dira gazteekin liskarretan, eta bost larri daude -batek bala zauria izango luke bizkarrean-. Gazteen artean zauriturik dagoen ez dute argitu iturri ofizialek; nolanahi ere, sei lagun atxilotu ditu Poliziak.
Eragindako kalteen artean, bi eskola, liburutegi bat, zerga bulego bat eta saltoki bat txikitu dituzte, eta baita 63 ibilgailu kiskali ere.
Esan bezala, Villiers-Le-Belen eta Paris iparraldeko beste zenbait bazter auzotan gertatu dira istilu horiek guztiak, Val d'Oiseko departamenduan.
Istilu handiak bigarren egunez Parisko bazter auzoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu