Itsasondon lanean hil zen langilearen heriotza salatuko du LABek ostiralean

2008ko abuztuaren 27a
15:52
Entzun
LAB sindikatuak protesta elkarretaratzea egingo du etzi Itsasondoko udaletxe aurrean, eguerdiko 12:00etan. Atzo Gipuzkoako Goierriko herri horretan gazte bat lanean zela hil izana salatuko du. Gaztea garabi batez ari zen gas hodiak altxatzen, eta horietako bat gainera erori zitzaion. Buruan jo zion eta hankak harrapatu zizkion. Bertan zendu zen. Sindikatu abertzaleak azkenaldian langileen artean gertatzen ari den "heriotza oldea" salatu nahi du.

Azpeitian (Gipuzkoa) atzo asma krisiak jota hildako langilearen heriotza ere izan du gogoan LABek.

Sindikatuaren iritziz, "gero eta jasanezinagoa da lan istripuen drama gizatiar eta sozialaren aurrean instituzioetako arduradunek eta enpresaburuek erakusten duten isiltasun, axolagabekeria eta eraginkortasun eza ikustea".

"Isiltasuna ez denean, [auzia] saihesteko hitzak, arduragabeak, entzun behar ditugu, azken kasuan [Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburu] Joseba Azkarragarenak bezala; orain [istripuen] errua udarako kontratatutako langileen eskarmentu ezari botatzen diote, inola ere seinalatu gabe egoera horietan enpresaburuek duten erantzukizuna", kritikatu dute LABeko ordezkariek. "Ez da udako fenomeno bat, urtetik urtera pilatzen diren langileen hilotzak baizik".

"Ez dira ez portzentaiak ez estatistikak. Lanpostuan beren bizia uzten duten pertsonak dira; kasu gehienetan gutxieneko segurtasun neurriei muzin egiten zaielako, baldintza onartezinetan kontratatzen dituztelako -segurtasunarekin eta prebentzioarekin bateraezinak diren lan erritmoekin-, beste zernahiren gainetik irabaziak ahalik eta gehien lehenetsiz". LABen idurikotz, baldintza horietan dautza lan istripuen kausak, "ez udako epidemia batean".

Administrazioak ere gogor kritikatu ditu. "Administrazioak ez baditu neurri eraginkorrak hartzen, enpresaburuak ez gogaitzeko da; instituzioen sektore kuttuna da, eta negozioak fruitu ematen jarrai dezan, dena barkatzen zaio".

Horiek hala, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari Juan Jose Ibarretxeri "behingoagatik" Euskal Herrian hil diren ehunka langileekin oroitzeko eskatu dio LABek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.