Jabier Muguruza Liverpoolen irakasle

LIPAn ikastaroa eman eta ikasleekin bira txiki bat egingo du datorren maiatzean

2004ko maiatzaren 5a
16:26
Entzun
Liverpool Institute for Perfoming Arts (LIPA) Paul McCartneyk sortutako goi mailako musika eskolak Espainiako artista eta interpreteen (AIE) elkartearekin elkarlanean artista bat gonbidatzen du urtero eskolako ikasle aurreratuenekin artista horren errepertorioa lantzeko. Aurtengoan Jabier Muguruza aukeratu dute eta datorren maiatzean joango da Irungoa Liverpoolera. «ilusionaturik eta urduri» dago Muguruza egitasmo honekin. Papel kontuekin eta ingelesarekin nahasturik dabil eta, musikari dagokionez, erronka atsegina da.

Astebetean eskola praktikoak emango ditu Liverpoolen Muguruzak, «irakasle estatusa» izango du han. Dagoeneko LIPAko ikasleak ari dira Muguruzaren errepertorioko hainbat kantu lantzen. Tim Pike musika zuzendaria ari da Muguruzaren kantu hautatuon moldaketak eta entseguak antolatzen. Bi hilabeteren buruan Irungo kantariaren abestien bertsioak interpretatuko dituzte ikasleek.

Muguruzak Liverpoolen egingo duen astebetean elkarrekin entseatuko dute sortzaileak eta ikasleek. Ikastaro praktiko horretan elkarrekin praktikatutakoa bira txiki batean erakutsiko dute ondoren musikariak eta LIPAko bandak. Erresuma Batuan bi kontzertu egingo dituzte, bata Liverpoolen eta bestea Manchesterren. Ondoren beste lau egingo dituzte Espainian eta beste bat Euskal Herrian, Gernikan. Maiatzaren 18tik 23ra arte izango da kontzertu bira.

Europako ikasleak euskarazko abestiak lantzen

Musika modernoko lizentziatura amaitzen ari diren azken kurtsoko ikasleek osatzen dute Muguruzarekin ariko den banda. Bateria, baxu jotzailea, bi gitarra, teklatua, perkusioak eta hiru kantarik, «LIPAko zortziehun ikasleen artean aurreratuenak dira», zehaztu du.

Lehenago ere, duela hiruzpalau urte, zabaldu zen zurrumurrua Jabier Muguruza izango ote zen AIEtik LIPAra joango zena. «Ahotsei garrantzia handia ematen diete eskoletan, eta fonetika aldetik arazoak izango zituztelakoan atzera egin zuten», azaldu du artistak; oraingo honetan, ordea, animatu egin dira. Europa osoko musikariek ikasten dute LIPAn eta Muguruzaren errepertorioa lantzen ari diren ikasleen artean, ingelesez gain norvegiarrak daude.Jabier Muguruzaren hamabost abestiok ari dira lantzen LIPAko ikasleak: Frances Farmer, Benino edo Benito, Eskaintza, Joshua´s Lullaby, Itsusia duk, Fiordoa udaberrian, Iritziak euriaz, Nik ez diot barrerik egiten, Pantera emea, Itsasoak emandako indarra, Zure lapurra, Neska, CCCLXII, Loak hartutako txori bat izan nahi nuke eta Nire psikoanalista. Instrumentazioa oso kontuan izan dute kantuok aukeratzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.