Atutxa, Knörr eta Bilbaoren aurkako auzia luzea eta korapilatsua izan da. Sorburua 2003ko martxoan du, Espainiako Auzitegi Gorenak HB, EH eta Batasuna legez kanpo uzteko hartutako erabakiarekin. Orduan hasi zen Legebiltzarraren eta Auzitegiaren arteko afera. Gorenak SA desegiteko agindu zion Mahaiari, Batasuneko eta SAko kideak legebiltzarkide berberak zirela argudiatuta.
Une horretan jarri zen martxan Atutxa, Knörr eta Bilbaoren aurkako zigor arloko prozedura. Eusko Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordeak eta Mahaiak Gorenari adierazi zioten SA desegitea “ezinezkoa” zitzaiela; Gorenaren aginduak Legebiltzarreko autonomia ”urratzen” zuela. Horren ondorioz, Estatuko Fiskaltzak kereila aurkeztu zuen hiru mahaikideen aurka, desobedientzia eta lege iruzurra egotzita.Kereilak hasieratik eragin zuen polemika, gaia aztertu behar zuen Zibil eta Zigor Salako lau epaileak ez baitziren ados jarri kereilak tramiterako onartzerakoan. Gorabeherak tarteko, azkenean kereila tramiterako onartu zuen Desadostasunaren Salak. Estatuko Fiskaltzaren kereilari Manos Limpiasek aurkeztutako beste bat batu zitzaion.Aferak irudi bat badu 2003ko abenduaren 3koa da. Egun horretan deklaratu baitzuten hiru inputatuek Nekane Bolado epailearen aurrean. EAJ, EA eta Ezker Batuko ordezkari asko eta askorekin batera, manifestari ugari elkartu zen Auzitegi Nagusiaren atarian, auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazteko.
Irudia 2003ko abendukoa izan bazen, inflexio puntua 2004ko abenduan etorri zen, Nekane Bolado epaileak auzia bertan behera uztea erabaki zuenean. Lasaitua hartu zuten orduan auzipetuek, euren aurkako auzia behin betiko itxiko zela ikusita. Baretuak ez zuen luze iraun, baina. Bi hilabete geroago, auzia berriro zabaltzeko agindu baitzuen Auzitegi Nagusiko Zigor Salak, Manos Limpias-en helegitea onartuz.
“Lasai” joango dira bihar epaiketara Atutxa, Knörr eta Bilbao. “Lasai”, Legebiltzarreko autonomia defendatzean zuzen jokatu dutela ziur direlako, auzia ireki zenetik behin eta berriz adierazi duten moduan. Epaiketak ikusmin izugarria eragin du, ehun kazetari, kamerari eta argazkilari baino gehiago akreditatu baitira.
Jatorria, legez kanporatzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu