Jaurlaritzako lehendakariak gaur desegin du Eusko Legebiltzarra

2009ko urtarrilaren 5a
17:00
Entzun
Ostiralean jakinarazi zuen Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak martxoaren 1ean izango direla Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta gaur desegin du Legebiltzarra.

Hain zuzen, gaur goizeko bederatzietan sinatu du Ibarretxek, bere bulegoan, martxoaren 1ean hauteskundeak egiteko deia jasotzen duen eta Eusko Legebiltzarra desegiteko agintzen duen dekretua. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da asteartean deialdia.

Hauteskunde kanpaina otsailaren 13an hasiko da, eta otsailaren 27an amaituko da. Larunbateko hausnarketarako egunaren ostean, bozketa martxoaren 1ean egingo dute. Berez legealdia bukatu baino hilabete eta erdi lehenago egingo dituzte bozak.

EAEko bederatzigarren hauteskundeak izango dira 2009koak. 1980ko martxoaren 9an bozkatu zuten estreinakoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek Eusko Legebiltzarrerako. Bi legealditan izan ezik (1984-1986 eta 1998-2001), beste guztietan bete dira lau urteak.

2005eko apirilaren 17an izan ziren aurreko bozak. EAJ-EA koalizioak 29 legebiltzarkide lortu zituen (EAJk 22 izan ditu, EAk 7), PSE-EEk 18, PPk 15, EHAK-k 9, EBk 3 eta Aralarrek 1. EAJk, EAk eta EBk osatu dute Jaurlaritza. 1998tik da bertako lehendakari Ibarretxe.

2005-2009ko legealdian 48 lege onartu ditu Eusko Legebiltzarrak. 2008a izan da urterik oparoena; 20 lege onartu dituzte urte horretan. Dena dela, bide bazterrean geratu dira legealdi horretan onartzekoak ziren bi lege: Udal Legea eta Etxebizitza Legea. Kontsulta Legea ez du gauzatu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.