Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen deklarazioak sortutako ikusminaren araberakoak izan dira tribunalak deklarazioa eduki politikorik gabe uzteko ahalegina eta Egigurenek berak prentsatik ihes egiteko saioa. Izan ere, Jesus Egiguren garajetik sartu da Auzitegi Nazionalean, eta garajetik irten da, kazetariekin edo publikoarekin nahastu gabe, ez kanpoan ez barruan. Deklaratzera deitu dutenean, aretoan sartzean aurrez aurre topatu ditu Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez. Keinu bat egin die eskuarekin eta begiekin, batez ere Otegiri zuzendua, eta antzeko erantzuna jaso du.
Lekukoei beti galdetzen zaie ea ezagutzen dituen akusatuak. Egigurenek argitu du ezagutzen dituela haiekin bilduta izan delako, «Eusko Legebiltzarrean eta Legebiltzarretik kanpo». Epaileak zehaztu nahi izan du ea adiskidetasunik ote zuen baten batekin. «Elkar ezagutzetik sortzen den adiskidetasun normala» izan da Egigurenen erantzuna. «Normala, ez lagunena», galdetu du berriro epaileak. «Ez, ez», erantzun du lekukoak.
Egigurenen lekukotasunak ez du joko handirik eman, epaimahaiburua zorrotz aritu delakoJone Goirizelaia defentsa abokatuak egindako galderak mozten. Hala ere, argi utzi du bazekiela Anoetako belodromoan ezker abertzaleak proposamen berri bat aurkeztu behar zuela eta proposamen horren adierazpena aldez aurretik ezagutzen zuela. «Banekien adierazpen bat publiko egin behar zutela; banuen haren berri».
Jone Goirizelaiak egindako galdeketa oztopoz eta protestaz beterikoa izan da:
Jone Goirizelaia: Bilerarik izan duzu pertsona hauekin Legebiltzarrean eta Legebiltzarretik kanpo?
Jesus Egiguren: Bai.
J.G.: Hauetako norekin?
J.E.: Bereziki nire bilerak Arnaldo Otegirekin izan dira. Bileraren batean, Pernando Barrena edo Permach ere izan dira. Harremana Arnaldo Otegirekin izan da.
J.G: Zein zen bileren helburua?
Epailea: Ez egizu kasurik, ez da beharrezkoa erantzutea.
J.G.: Galdera eta protesta jasoak izan daitezen nahi dut.
E.: Ados, protesta egina dago.
J.G.: Bilera horiek 2004. urtearen aurretik edo 2004an izan ziren?
E.: Lekuz kanpo dago galdera, ez dagokio kasuari.
J.G.: Protesta egiten dut, aurrekoan bezala. Bazenekien 2004ko azaroaren 14an proposamen bat aurkeztu behar zutela Anoetako belodromoan?
J.E.: Banekien aurkeztu behar zutela; Espainia erdiak bazekiela uste dut. Zabaldu zuten, kazetariei jakinarazi zieten, politikariei; uste dut ez zela inolako sekreturik.
J.G.: Ekitaldiaren edukiaren berri bazenuen?
E.: Galdera hori ez da beharrezkoa. Egon zinen zu ekitaldian?
J.E.: Ez, nire ekitaldietara joatearekin nahikoa daukat.
J.G.: Ekitaldiaren helburua...
E.: Letratu anderea, galdera hori debekatua izan da dagoeneko.
J.G.: Letratu honek, jauna, ez du oraindik galderarik egin ekitaldiaren helburuaz.
E.: Bai, bileren helburuei buruz.
J.G.: Ez da galdera bera, jauna. [Egigureni] Esan duzu bazenekiela proposamena publiko egin behar zutela.
J.E.: Bai, banekien publiko egin behar zela adierazpen bat; banuen haren berri.
J.G.: Beste inork bazuen horren berririk?
J.E.: Espainia erdiak, Euskadi erdiak.
J.G.: Estatuko Gobernuak?
E.: Ez da beharrezkoa.
Puntu horretara iritsita, aurrera egitea ezinezkoa zela ikusita, Goirizelaiak galdera gehiago ez egitea erabaki du.
Jesus Egiguren: «Banuen egin behar zuten adierazpenaren berri»
Egigurenek baieztatu du ezker abertzaleak aurkeztu aurretik azaldua ziela politikariei Anoetako proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu