Xabier Martin
«Oso goibel eta desanimatuta» dago Jimmy SAko gitarrista, taldeko beste kideen antzera. Madrilgo epaiketaren emaitza ez du «batere argi» ikusten.
Zer moduz zaudete Madrilen egingo duten zuen kontrako epaiketaren atarian?
Gaizki gaude, txakurkeria handia egin digutelako, eta, gainera, ez dugu batere argi ikusten.
Nola iritsi da halako egoera zuentzat?
Badakizu nola dagoen kontua orain: mugitzen den edozer dago jopuntuan. Guk askotan jotzen dugu Espainian, eta euskal kultura defendatzen duen euskal taldea izanda, ez die batere graziarik egiten gu Euskal Herritik kanpo aritzeak. Kantu gogorragoak dituzten talde ugari badira, baina...
Zein uste duzu izan daitekeela epaiketaren emaitza?
Ez dugu batere argi ikusten, baina nik neuk ez dut absoluzioa espero. Gaizki jarri digute kontua, baina itxaropena ez dugu galdu. Hala ere, jada min handia egin digute; aspaldi kondenatu gintuzten. Egindako mina zuzentzerik ez dago; absoluzioa ere ez litzateke nahikoa izango.
Epaiketaren atal hau ixten bada ere, min handia jaso duzue jada, zuen kontra egindako publizitate guztiarekin, ezta?
Orain dela urte asko hasi ginen musikan, eta horretatik bizi gara. Orain, berriz, izugarri mugatu gaituzte kontzertuetarako. Batzuek diote publizitatea dela hau guretzat, baina egin dezaketen publizitate okerrena da. Beraientzat guztia. Orain arte gauza txarra, besterik ez baitigu ekarri.
Hainbat euskal talderen aurkako jazarpena begi-bistakoa da, baina zuen aurka gogor ari al dira?
Baietz iruditzen zait. Beste taldeen aurka egiten ere saiatu dira, baina kontua barregarria da. Orain, aspaldiko gure kantu bati heldu diote. Hitz gogorreko kantua dela onartzen dugu, baina, orobat, hala idazteko eskubidea dugula uste dugu. Gu horrekin ez gara atentatuak bultzatzen ari zuzenean, edo antzekorik. Orain kontua da biktimak umiliatzen omen ditugula Explota zerdo! kantuan.
Aro honetan epaitegiak jarduera handian hasi dira. Zuen auzia ere joko politiko nagusiago baten barruan kokatu behar al da?
Zalantzarik gabe, hala da. Edozer gauzari heltzen ari zaie giroa gaiztotzeko. Kulpa hartzaile bat behar zuten, eta gu harrapatu gaituzte. Espainiako Estatuan asko jotzen duen euskal taldea gara, eta jopuntuan jarri gintuzten aspaldian. Talde gehiago ikertu dituztela ere ez dut zalantza egiten, eta ahal izan duten guztiak zirikatzen saiatu dira. Gurekin aukera ona ikusi dute, ordea, eta aurrera egitea erabaki dute. Baina hau dena handiagoa den zerbaiten zatia da, hori argi dago.
Zer-nolako laguntza izango duzue Madrilen?
Isilean eraman nahi genuen hau guztia, baina ezinezkoa da. Eskaini digute autobusak ateratzea-eta, baina ez dugu argi ikusten, oso goibel eta abailduta gaudelako.
Jimmy (SAko gitarrista): «Egindako mina ezin da zuzendu, ezta absoluzioarekin ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu