Kataluniako Legebiltzarrerako bozak

Joan Saura, Iniciativa Per Catalunya-Verds-eko Generalitateko hautagaiari elkarrizketa

2003ko azaroaren 17a
13:22
Entzun
Kanpaina garaian, joan den astean, egindakoa da elkarrizketa hau:

"KATALUNIARENTZAT ESKUINAREN POLITIKAREN JARRAIPENA DA ARRISKUA



Azken urteetan Kataluniak aurrerapen mugatuak egin dituela eta CiUren proiektua agortuta dagoela uste du ICVko buruak. Bartzelonan ezkerrak 24 urte hauetan egin duen kudeaketa jarri du aldaketaren eredutzat

Jose Mari Pastor -

 

Bartzelona

Berriemaile berezia

Panazko jaka eta praka marroi argiak, ez berriak ez zaharrak; zapatak marroi ilunak eta alkandora ere bai, azken botoiraino lotua. Ramon Berenguer plazako hitzordura iritsi eta argazkilariaren aginduetara jarri da Joan Saura. Ondoko bankuan karpeta eta hiru egunkari utzi ditu. Ilea oraindik guztiz zuritu gabea, ondo orraztua; institutuan Cortazar gustatzen zitzaion literatura irakaslearen betaurrekoak. Aldamenean gizon zahar bat gelditu da, txakur handi beltza daramala.

Gaur [atzo] Tarragona aldean ditu ekitaldi nagusiak, Ebroko lurretan. Eskola umeak inguruan dabiltza barreka, haien autobusaren zain eta haren autobusera begira. «Autografo bat eska diezaioket Saurari?», galdetu du ile hori bihurri batek. Autobus gidariak hizketan ari dira elkarrekin, uniforme urdinean. Bat alkandora hutsean dago; bigarren batek ez du oraindik jaka erantzi. ICVko hautagaia bankutik jaiki da, kanpainako autobuserako bidean. Gizona txakurrarekin hurbildu zaio. «Eta zuek ezkerrekoak zarete? Zer egin zenuten, bada, Boyer legearekin? Hemengo jende asko etxebizitzetatik kanpo bota zenuten!». Saura harekin hasi da hizketan. «Lege hori gobernu sozialistarena izan zela esan diot, eta guk kontra bozkatu genuela», azaldu du gero. Prentsako jendea eta kanpainako arduradunak autobusera igotzen hasi dira. «Zuk begiratu kazetari ederrenak non jartzen diren, eta hantxe eseri», gomendatu du traje urdindun batek.

Kataluniako Gobernuan CiUren ordez PSC egotea benetako aldaketa ez dela izango esan duzu; hori klientelismo aldaketa baizik ez litzatekeela izango. Hain txarto dago Kataluniako etika politikoa?

Nik ez dut zehatz-mehatz hori esan. PSCk nahi dugun aldaketa ez dakarrela esan dut, politika askotan osasun eta hezkuntz politiketan, lurraldearen kontzeptuetan... bi taldeek oso jarrera berdintsuak dituztelako. Beraz, ez da Kataluniako politikagintza txarra dela, baizik eta Alderdi Sozialistak, egun, oso politika moderatua egiten duela. Guk benetako politika aldaketa nahi dugu, egiazkoa, Kataluniako Gobernuaren jardun eta politika garrantzitsuenetan.

Inkestetan CiU eta PSCren arteko berdinketa teknikoa ageri da. Boto baliagarriaren balioa handituko du horrek, zurea bezalako talde politikoen kalterako?

Ez, ez. Aurrekanpaina hasi zenean boto baliagarriaren kontuak kalte egingo zigula esan ziguten. Inkesta guztiek diotena hauxe da: boto baliagarria gorabehera, CiU eta PSC geldirik daude behean, gorago egin ezinik.

Sozialistak, hala ere, horren aitzakian zuei ahalik eta boto gehienak kentzeko ahaleginetan ari dira.

Guri botoa ematen digun jendeak, benetako ezkertiarra denak, badaki gure botoa baliagarria dela. Gainera, boto hori baliagarria da bi zentzutan: CiU oposizioan egoteko balioko du batetik eta, bestetik, ezkerreko gobernuak benetako politika ezkertiarra egiteko ere balioko du. Beraz, ez daukat kezkarik boto baliagarriaren kontuaz.

Datu horien arabera, ezkerra nagusi izango da igandeko bozetan. Katalunian gizarte aurrerakoia izan arren, errealitate hori PSC-ERC-ICV gobernu batekin nekez agertuko dela diote adituek. Zergatik?

Ez, adituek ez dute hori esan; hori PP eta CiU ari dira esaten, baina datu gutxi. Noski, PP eta CiU esaten ari diren horren guztiaren inpugnazioa Bartzelonako Udalean daukazu. Oso hiri gutxi daude Espainiako Estatuan, udaletako agintaldi demokratikoko 24 urte hauetan Bartzelonakoaren moduko aldaketa positiboa izan dutenak hirigintza, kultura eta gizarte arloetan. Hori ezkerrak egin du. Beraz, Kataluniako jendeak badaki ezkerrak 24 urte badaramatzala Kataluniako udaletxeetan agintzen eta horrek oso emaitza onak ekarri dituela, eta gaur Kataluniarentzako arriskua ez dela ezkerreko gobernua, eskuineko politikaren jarraipena baizik.

Zein baldintza jarri du ICVk teorian ezkerrekoak diren beste bi alderdiekin batera Generalitaten egoteko?

Duela gutxi hamar puntuko konpromisoa aurkeztu genuen horretarako. Laburbiltzeko, lehen puntuak dio ongizate gizartea sendotu egin behar dela, osasunaren eta hezkuntzaren pribatizazio prozesua gelditzeko: eskolak egin, adineko jendearentzako arreta zerbitzuak eskaini, etxebizitza publikoaren politika bultzatu, lan mundua Kataluniako Gobernuaren helburu garrantzitsuenen artean jarri, eta Kataluniako lurralde eredua eramangarria izan, hau da, politika energetiko berria, garraio publikorako politika berria, eta hori guztia, honekin: Kataluniak datozen urteetan estatutu berria, finantzaketa berria eta Espainiako Estatuaren barruan kokapen berria izan behar ditu, Estatu federal plural baten ikuspegitik.

Eta nola azalduko zenioke federalismo asimetriko hori Hospitaleten bizi eta Rodriguez Ibarra jauna erreferentziatzat duen herritar bati?

Ni ez naiz federalismo asimetrikoaz mintzatzen ari, federalismo pluralaz baizik. Baina nik halaxe azalduko nioke: Kataluniak hizkuntza propioa du eta, beraz, hizkuntzari dagozkion konpetentziak hemen egotea nahi dugu, eta seguru egon estatu zentralak gure konpetentzien kontra inondik inora ere egingo ez duela; Kataluniak zuzenbide zibil propioa ere badu, Kataluniak kostaldea du, portuakÉ eta Extremadurak ez dauka. Beraz, autonomia erkidego bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu. Geure kasuan hizkuntza eta kultura ezaugarriak ditugu, zaindu eta iraun beharrekoak. Eta beste kontua hauxe da: ezin da segitu Espainiako Estatuan hizkuntza bakarra, gaztelania, egongo balitz bezala. Beraz, Extremadurako jaun horri esango nioke, berak oso ondo dakien bezala, asko gustatuko litzaidakeela Espainiako Estatuak ekintzez, ez soilik hitzez, Espainiako Estatuan lau hizkuntza daudela onartuko balu, lau hizkuntza horiek Senatuan mintza daitezkeela eta Estatuaren dokumentu guzti-guztietan isla izan behar dutela onartuko balu.

Kataluniako egoera ekologikoa salatzea da zuen kanpainaren puntu garrantzitsuenetako bat. Zein oinarri izan beharko luke Katalunia berdeak?

Lehen puntua kostaldean eta Pirinioetan moratoria urbanistikoa ezartzeko premia da, bertako egoera gero eta txarragoa delako; bigarrena Europako Batasuneko herrialde garrantzitsuenetako eredu energetikoaren etorkizuneko joerarekin bat egitea, zentral nuklearrak itxi eta energia berriztagarriak bultzatzeko; uraren kultura berria garatzea ere badago eta, batez ere, garraio publikoa bultzatzea. Hori guztia ideia handi batez labur daiteke: gaur munduko arazo handienetako bat aldaketa klimatikoa da. Katalunian, soilik geu ari gara esaten Kataluniako Gobernuak aldaketa klimatikoa geldiarazteko politikak bultzatu behar dituela; eta horrek, berriz diot, hauxe esan nahi du: garraio publikoa eta eredu energetiko berria.

Arlo sozialari dagokionez, zein neurri mota hartuko luke ICV kide izango lukeen gobernuak?

Eskola publikoen eskaintza handitzea, adineko jendea zaintzeko programa hastea eta, lehenbailehen, guk Zero Pobrezia deitzen dugun programa abiaraztea: gaur egun Katalunian 750.000 herritar pobre ditugu; programa horrekin arazoa bospasei urteren buruan desagertzea nahi genuke.

CiUk eta Jordi Pujolen gobernuak balantze positiboa egin dute haien agintaldi luzeari buruz. Oposizioak, aldiz, kudeaketa ikaragarri txarra egin dela dio, batez ere esparru sozialean. Batak zein besteak ez dute apur bat exajeratzen?

Hogeita hiru urtean gauza positiboak egin dira, inbertitzeko diru asko egon delako. Baina nik nabarmendu nahi nuke egun Kataluniak defizit sozial eta ekologikoak dituela, baita defizit demokratikoak ere, Kataluniaren benetako gaitasunari ez dagozkionak; eta azken urte hauetan Katalunia beste autonomia erkidegoen atzean jarri dela eta, batez ere, CiUren proiektua, orain, proiektu guztiz agortuta dagoela.

 

z Hamaikakoa

1. Bartzelona ala Port de la Selva? Port de la Selva.

2. Eskola publikoa erlijioarekin ala eskola pribatu laikoa, erlijiorik gabe? Ez, eskola publikoa, baina erlijiorik gabe.

3. Cava ala ardo beltza? Cava. Cava oso gustukoa dut.

4. 'Kapitala' ala 'Uzta gorria'? Kar, kar, karÉ nahiz etaÉ Nolako galderak egiten dituzuen, kar, kar, kar... Tira, une hauetan Dashiell Hammett gustatzen zait gehiago.

5. 'Novecento' ala 'Marx anaiak Mendebaldean'? 'Novecento'. Izugarri gustatzen zait.

6. Heriotza zigorra ala hil arteko kartzela? Ez heriotza zigorra, ezta hil arteko kartzela ere.

7. 'La Bohème' ala 'L'estaca'? 'L'estaca'.

8. Toni Miró ala Giorgio Armani? Toni Miró.

9. Errepublikano juancarlos-lehenazalea ala errepublikano jaumelehenazalea? Errepublikano jaumelehenazalea.

10. Ronaldo ala Ronaldinho? Ronaldinho.

11. Maragall ala Carod-Rovira? Bietako inor ez.

 

  SAIL HONETAN

 

• Gutxienez 18 okupatzaile italiar hil dituzte Irakeko hegoaldean

• Eraginkorrago jokatzeko eskatuko diote AEBek anarteko gobernuari

• «Antiamerikanismoa» salatu du Londresek

• «Baltikoko estatuek lagun dezakete EBren eta Errusiaren arteko konfiantza handitzen»

• Ekialdeko aurrekaria

• Prezio amerikarrakodol garbiko katalanentzat

• Ramon, Lucrecia, Marti eta Lola

• Mundu berriaren lehen harriak

• Gau labur bat,aste mamitsurako

• Elf konpainiako buru ohi gehienei kartzela zigorra ezarri diete     
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.