Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abrilek adierazi duenez, EA eta ezker abertzalearekin "bat egiteko baldintzarik ez dago, baina elkarlanean aritzeko prest" dago Aralar.
"Normalizazio politikoaren eta baketzeari buruzko bi dokumentu mahai gainean jartzeko" Aralarrek konpromisoa hartu duela esan du Abrilek Radio Euskadin eginiko elkarrizketan. "Bi dokumentu horiek aztertu ondoren, elkarrekin biderik egiteko modurik dagoen ikusiko dugu".
Abrilek ezker abertzaleari "bide politikoak soilik" erabiltzeko eskatu dio; horretarako "oraindik pausoak falta" direla adierazi du. "Indarkeriaren aroa" amaitu behar dela gehitu du eta bitartean zaila izango dela akordio sakonetara heltzea.
Zentzu horretan, esan du "ziklo berrian indarkeriarik ezin" dela egon: "ETAk eman behar dituen pausoak eman beharko ditu, edo Batasunak eman beharko ditu. Zenbat eta lehenago eman, denontzat hobe, bai ezker abertzalearentzat eta bai euskal jendarte osoarentzat ere".
EAJ ere elkarlan horretara batzeko aukerez galdetzean, Jon Abrilek adierazi du "elkarlanean aritzeko puntuak" badaudela; "erabakitzeko eskubidea, esaterako, baina abertzaletasunaren barruan zentro-eskuina dira haiek eta gu ezkerreko indarra gara. Hobe bi indar soilik egongo balira politika abertzalean: bat eskuinekoa eta ezkerrekoa bestea".
Jon Abril: "Bat egiteko baldintzarik ez dago, baina elkarlanean aritzeko prest gaude"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu