Jon Elortegi (Castro): "Normalean ez da ezustekorik egoten"

2008ko irailaren 4a
10:09
Entzun
I. Susaeta

Jon Elortegik (Barrika, 1977) lau denboraldi daramatza jada La Marinera ontziaren tostetan. Istriborreko kontrankekoa da.

Hain garrantzitsua al da aurreko egunetan Donostian entrenatzea?

Ez dakit hain garrantzitsua ote den Donostian entrenatzea, baina taldeak bat egiten du, arraunlari guztiak elkarrekin egoten gara, eta beno, kontzentratzeko balio duela uste dut.

Pasa den igandean kolpe latza jaso zenuten etxean. Hura ahaztu al duzue dagoeneko?

Baietz esango nuke, baina onartu behar dugu kolpea gogorra izan zela. Espainiako Txapelketan ere antzekoa jasoa genuen, baina buelta eman genion. Orain ere hori egiten saiatuko gara.

Zer gertatu zitzaizuen pasa den igandean?

Ba, ez dakigu, egia esan. Larunbatean Urdaibai izan zen huts egin zuena, eta igandean, berriz, gu, gurea larriago izan bazen ere.

Etxabek nahiago du liga Kontxa baino. Zuk biak irabazi dituzu, baina zein nahiago duzu?

Nik Kontxa irabaztea nahiago dut.

Egingo al zenuke gaurko estropadarako pronostikoa?

Punta-puntako traineruak zortzi dira: San Miguel ligako aurreneko zazpiak eta Astillero. Horietako bat kanpoan geldituko da.

Batzuek esan izan dute, ezusteko handiak egoten daitezkeela.

Ez, ez dut uste. Urtero esaten da, baina normalean ez da egoten.

Hasi aurretik urdurien egoten zaren estropada da gaurkoa?

Bai, bai. Bi igandeetan baino urduriago jartzen naiz sailkatze estropadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.