NIESR Ikerketa Ekonomiko eta Sozialen Institutu Nazionaleko zuzendaria da Jonathan Portes, eta Erresuma Batuko hainbat gobernurentzat aholkulari ekonomiko gisa ere aritu da. Ondo ezagutzen ditu oraingo susperraldiaren gune sendo eta ahuldadeak.
Ekonomia azkar hazten ari dela esatearekin batera, hazkundea desorekatua eta ahula dela dio gobernuak. Zer ari da gertatzen?
Ekonomia ez da hazten ari hain azkar. Egungo hazkundea konparatzen badugu krisi aurreko garaiko hazkunde mailekin, ikusiko dugu oraingoa oso susperraldi motela dela. Norekin konparatu, hor dago gakoa. Egia da gure ekonomia eurogunekoa baino azkarrago hazten ari dela, Alemania alde batera lagata. Baina horren arrazoia da azken urteetako eurogunearen politikak penagarriak izan direla.
Zeintzuk dira susperraldiaren ahultasunak?
Susperraldia austeritateak atzeratu zuen. Baina zorionez, ez gaudenez eurogunearen menpe, duela pare bat urte lortu genuen horri buelta ematea. Susperraldi txukuna izaten ari gara, eta ahultasunak ez dira susperraldiarenak, britainiar ekonomiaren epe luzeko ahultasunak baizik.
Zeintzuk dira epe luzeko ahultasun horiek?
Etxebizitzen prezio handiegiak izatea, eta, ondorioz, jendeak dirurik aurreztu ezin izana. Aurrezpen tasa txikia dugu. Beste arazoetako bat da azken hogei urteetan dugun kontu korronteko defizit handia. Horren arrazoia da ez daukagula behar adina ekoizpen handiko konpainia on globalki lehiatzen. Bestetik, hezkuntza sistema desegokia dugu, eta finantza sektorearekiko eta Londresekiko menpekotasun txikiagoa izan beharko genuke. Horiek dira epe luzean ditugun arazoak.
Bistan da BPGaren hazkunde hutsa ez dela nahikoa susperraldia ulertzeko. Zeintzuk dira kontuan hartu beharreko beste adierazle ekonomiko nagusiak?
Lan merkatuko datuak garrantzitsuak dira. Langabezia tasa, adibidez, eta arlo hori ondo ari garela lantzen uste dut. Halere, oraindik krisi aurrekoa baino handiagoa da tasa, eta lanaldi partzial eta soldata baxuko lan ugari dago. Soldatak ere, oro har, oso ahulak dira, eta desberdintasun sozialak handitzen ari dira. Azken hori, dena den, krisi aurretik zetorren arazoa da.
Zergatik ez du asko esportatzen Erresuma Batuak?
Ez dauzkagu behar bezain sektore eta konpainia sendoak. Finantza sektorea esportazio sektore garrantzitsua da guretzat, baina beste batzuk ere behar ditugu.
Ekonomia aholkulari moduan lan egin duzu Downing Streeteko kolore guztietako gobernuentzat. Zer egin behar luke David Cameronen koalizio gobernuak susperraldiari lurreratze seguru bat emateko?
Lehentasuna susperraldiari eustea da, baina, aldi berean, etxebizitzen prezioen burbuila berriro puzten ari dela ikusten argi gara. Hori kontrolatu behar luke, bereziki Londresen eta hego-ekialdean, hortxe baitago burbuilaren arazoa. Epe ertainera begira, berriz, hezkuntza sistema hobetu behar da, esportazioak indartu... eta immigrazio arloan gobernua hartzen ari den neurri txarrak guztiz aldatu.
Ekonomia garatuenen artean kanpo zorrik handiena du Erresuma Batuak, BPGaren %406. Zergatik?
Kanpo zor gordinaren tamaina batez ere bankuen balantzeen tamainaren araberakoa da. Nazioarte mailako banku erraldoiak ditugu, eta horrek arriskuak ditu. Horrek esan nahi du Erresuma Batuak beste inork bano arrisku handiagoa duela nazioarteko finantza ezegonkortasunen aurrean. Sistema egonkorra denean ez dago arazorik kanpo zor handia izatearekin, baina ezegonkortzen denean badugu gaitasuna horri aurre egiteko.
David Cameronek austeritate gehiago agindu du. Aukera egokia da susperraldia sendotzeko?
Defizit jasanezina dugu epe ertainera, eta murriztu beharra daukagu datozen urteetan. Baina legealdi hasierako austeritateak erakutsi zuen emaitza txarrak ematen dituela. Behin susperraldia izanda, ordea, zentzuzkoagoa da defizita murrizteaz aritzea.
Erresuma Batuak sor dezake hazkunde eredu iraunkorrago bat? Zelan?
Jakina. Batez ere, hezkuntza sistema berrituz, Londresen eta finantza sektorearen pisua berrorekatuz, finantza araudia sendotuz, energia politika hobetuz... Gauza batzuk ondo egiten ari da gobernua.
Zeintzuk?
Hezkuntzan eta trebakuntza arloan ondo dabil, baina ez dabil hain azkar etxebizitzen burbuila geratzeko orduan eta finantza sektorea arautzerakoan.