Jordi Pujolek Kataluniaren "independentziaren bila" joateko eskatu du

2012ko irailaren 8a
11:16
Entzun

Jordi Pujol (CiU) Kataluniako Generalitateko presidente ohiak (1980-2003) maiatzean telebista saio batean esan zuen gaur egun Kataluniaren independentziaren alde bozkatuko lukeela erreferendumik balego; beste batzuetan ere aritu da gaiaz, eta orain beste pauso bat eman du Vilaweb.cat-eko elkarrizketan. Izan ere, ohartarazi du egun Katalunia ez dela "bideragarria", Espainiako Estatuaren "tratu txarragatik", eta "independentziaren bila" joan beharko luketela katalanek.

Hori da, Pujolen arabera, Espainiaren jokabidea baztertzeko "modurik onena". Gainera, independentziaren aldeko mugimendua "indartsua" izango dela iritzi dio. 

Aitortu du arazoak leudekeela bidean. "Independentziaren prozesua, modu baketsuan eginda ere, beti izan da traumatikoa eta ez aho batez eraman dena —AEBetan edota Aljerian bezala—", adierazi du, batetik. Bestetik, azaldu du Europako Batasunak hasieran ez liokeela gaiari helduko, "arazo asko dituelako" eta "nagikeria" emango liokeelako Kataluniako, Eskoziako, Flandriako edota Euskal Herriko kasuei eustea.

Baina baikor da: "Europak azkenean onartuko luke independentzia, beste independentzia denak onartu izan dituen moduan". Generalitateko presidente ohiak uste du "gakoa" Kataluniako gehiengoa burujabetzaren alde agertzea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.