Jose Luis Garcia Fernandez (Salamanca, Espainia, 1955) psikologian doktorea da, sexologian aditua, eta Osasunbidean egiten du lan, Iruñean (Nafarroa).
Pertsona guztiek dute sexualitatea askatasunez bizitzeko eskubidea. Ezintasunak dituztenek ere bai?
Dudarik gabe. Gertatzen dena da aukera hori ukatu egin dela, pertsona horiei gizaki izaera ere ukatu zaielako eta historikoki oso gaizki tratatu dituztelako. Zorionez, joan den mendean aldaketa asko egon ziren, Europan batez ere, eta aurrerapauso handiak egin ditugu legerian, lan arloan, prestakuntzan eta abarretan, baina oraindik badago gainditu gabeko gai bat, afektibitatea eta sexualitatea. Pertsona horiek sexu gehiegikeriak, nahi gabeko haurdunaldiak eta horrelako problemak izatearen beldur dira gurasoak eta instituzioak, eta beldur horrek nahiko jarrera itxietara eramaten ditu.
Ezintasun intelektuala duten pertsonen kasuan, beldur hori ulergarria da?
Ulergarria bada, baina arazoa da etengabeko mehatxu bilakatzen dela. Familiak Poliziaren zeregina hartzen du, erne daude etengabe ezer gerta ez dakien, eta horrek, azkenean, pertsonen erabateko garapena mugatzen du. Zerbait gertatzearen beldur horrek pertsona horien bizitzaren zati handi bat baldintzatzen du, aisialdian, harremanetan eta abarretan.
Ezintasun fisikoen kasuan, nolako oztopoak gainditu behar dira?
Desberdintasuna oinarrian dago, ezintasun fisikoa dutenen kasuan arazoa, nolabait esateko, teknikoa delako. Buru argitasuna badute, ondo ulertzen dute zer gertatzen zaien, zer sentitzen duten, eta abar. Arazoa da ezintasun horrek muga batzuk jartzen dizkiela: aulki gurpildunean dagoenak, esaterako, laguntza beharko du mugitzeko, sexu harreman bat izatekotan. Baina ezintasun hori teknikoki gaindi daiteke. Ezintasun intelektualen kasuan, berriz, beste aldagai batzuk sartzen dira, egia delako gizartean badaudela pertsona batzuk inoren ezintasunaz baliatzeko prest daudenak gehiegikeriak egiteko. Baina beldur horrek ezin du bizimodua baldintzatu eta mugatu.
Nola gaindi daiteke beldur hori?
Gure proposamena beti izan da pertsona horiek trebatzea, eta arrisku horiei, ezintasunik ez dutenek ere jasan ditzaketen arrisku horiei, buru egin ahal izateko gaitasuna ematea pertsona horiei.
Sexu laguntzaileak trebatu eta horien zereginak legez arautzea proposatzen dute elkarte batzuek. Nola ikusten duzu horren inguruko polemika?
Suitzan, Suedian eta beste zenbait herrialdetan hori nahiko garatuta dago. Danimarkako zenbait udaletan araututa dago laguntzailearen zereginetan ezintasunak dituen pertsonari kondoia jarri eta kentzea sexu harremanak dituenean. Baina hori hemen pentsaezina da. Asko falta da horretarako. Oso mentalitate ireki eta eskuzabala behar da horretarako. Normalean, prest gaude edozein gauza egiteko pertsona horiei laguntzearren. Baina sexuaren gaia iristen denean, akabo.
Tabu izaten segitzen du, beraz.
Masturbazioa, esaterako, beharbada oso ikuspegi irekia duen familiaren batek onar dezake, gizonezko baten kasuan. Baina emakumea bada, oso zaila da familia batek aintzat hartzea alabak masturbatu nahi duela. Sexu harremanekin berdin; gizonezkoa bada, beharbada norbaitek erraztuko dio prostituta batekin harremana izaten, hemen eta orain horixe delako aukera bakarra; emakumezkoa bada, aita-ama batek ez luke egundo onartuko bere alaba elbarriak horrelakorik egitea.
Nolako garrantzia du hezkuntzak arlo honetan?
Berebizikoa. Pertsona hauen inguruan uste oker asko daude, mito asko, eta hezkuntzak laguntzen digu errealitatea ulertzen, joan den mendekoak diren aldez aurretiko ideiak albo batera utzita.