Josu Jon Imaz: "Ez dugu Nazio Garapenerako Biltzarrean parte hartuko"

2004ko uztailaren 5a
18:58
Entzun
Josu Jon Imaz EAJko lehendakariak argi eta garbi utzi du jeltzaleek ez dutela Nazio Garapenerako Biltzarrean parte hartzeko asmorik. Larunbatean sortu zen erakunde hori "errespetuz" hartu dutela adierazi du Imazek, baina, halaber, Biltzarraren planteamenduetan proiektu politikoek bakegintzaren gainetik gehiegizko indarra hartzen dutela kritikatu du.Hala ere, Batasunak behin betiko "bide politiko hutsen" apostua egin dezan balio badu, ongi-etorria izango dela nabarmendu du. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek.

Larunbatean, Nazio Eztabaidaguneak orain arte eramandako prozesutik Nazio Garapenerako Bltzarra sortzeko ekitaldian EAJk zergatik ez zuen parte hartu galdetu diotenean, larunbatean ez zirela egon, eta etorkizunean ere ez dutela parte hartuko erantzun du Imazek: "Larunbatean ez genuen parte hartu, eta ez dugu parte hartuko", esan du.

Nolanahi ere, ekimena eta beste alderdi zein indar batzuk hartan parte hartzea "errespetuz" hartzen dutela jeltzaleek nabarmendu du Imazek. "Batasunak, EAk eta beste mugimendu batzuk parte hartzen dute erakunde horretan, eta errespetuz hartzen dugu aukera hori; ez dugu ezer txarrik ikusten".

Errespetuz hartzeaz gain, baliagarraitasunik ere ikusten dio jeltzaleen lehendakariak erakunde berriari. "Foro horrek balio badu indar batzuk, zehazki Batasunak eta haren inguruan, gogoeta egin dezaten eta behin betiko bide politiko hutsen aldeko apostua egin dezaten, ongi-etorria izango da", adierazi du.

"Nolanahi ere, foro horretako zenbait gogoetatan proiektu politiko zenbait bakegintzaren gainetik jartzen dira, eta horrekin ez gatoz bat", kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.