Ia hogei urte birusarekin bizi eta gero kalitatezko bizitza lortu duelarik, gaitza normaltasunez onar dadin gizartean dauden zailtasunak salatu ditu Iruñeko GIBdun honek.
Alberto Barandiaran
Iruñea
Ez du argazkirik nahi, eta izen-abizenen lehen hitza bakarrik jartzeko eskatu digu. 80ko hamarkadaren erdian GIB birusa zuela antzeman ziotenetik, horrekin bizitzen ikasi du, baina inguruan dauden aurreiritziak, juzkuak eta usteak ez direla aldatu salatu du J. U.-k. Bere kasua ez da, hala ere, inondik inora, ezohikoa. Gaur egun, seropositiboek bizimodu normala egiteko dituzten zailtasunak azpimarratzen dituzte haiekin lan egiten duten elkarteek. Gizartean indarrean dauden topikoak eguneroko oztopo bihurtzen direla.
Nola jakin zenuen GIB birusarekin infektatuta zeundela?
Duela hogei bat urte izan zen. Gaitza lagunen artean zabaldu zenez, denok probak egiten hasi ginen, eta niri esan zidaten birusa nuela. Urtebete eman nuen emaitza onartu nahian.
Zer izan zen pentsatu zenuen lehen gauza?
'Hemendik gutxira hilko naiz'.
Norbaiti esan zenion?
Hasieran ez. Gero, lagunei. Garai berean haietako batzuek ere bazutela jakin genuen. Gaur egun, bi bakarrik geratzen gara. Batzuk hil ziren hiesaren ondorioz, eta beste batek bere buruaz beste egin zuen. GIB birusa zuen.
Drogak hartzen zenituztelako infektatu zineten?
Hasieran zalantzak izan genituen, sexu harremanengatik izango ote zen, baina orain ia ziur nago xiringak partekatzeagatik izan zela.
Urtebete eman zenuen ulertu nahian. Zer pasatu zitzaizun burutik?
Denetarik. Hasieran amore eman nuen, uste nuelako ez nintzela asko biziko. 'Zertarako ezer egin?', galdetzen nion neure buruari. Zertarako zaindu? Dena pikutara bidali nuen. Lana utzi nuen eta zulo barruan eman nuen urtebetea. Etorkizunik gabe, inguruko jendea gaixotasun ezezagunekin hiltzen... Benetako heriotza zigorrak ziren. Ez zen istripu bat. Hilabete edo bi hilabete gaixo ematen zuten.
Sendagileek zer esaten zizueten?
Hasieran haiek ere ez zekiten oso ondo zer gertatzen zen. Arrisku taldeez hitz egiten hasi ziren, baina ez zekiten nola transmititzen zen birusa. Gu geure kabuz prebentzioak hartzen hasi ginen, xiringak partekatu gabe, eta informazioa bilatzen.
Eta noiz hasi zinen tratamenduarekin?
Nire medikuak tratamenduarekin hastea nahi zuen, baina ez nintzen fidatzen, jendea berdin-berdin hiltzen zelako. Batzuentzat, gainera, okerragoa izan zen, drogak utzi, bat-batean botikak hartu eta ondorio handiak jasan behar izan zituztelako. Ez nekien zer zen onena. Alde batetik, droga guztiak uztea erabaki nuen, baina, bestetik, ez nekien hau zer zen, pozoia edo zer. Medikuak berak esaten zuen, pozoia, pote txikian...
Drogak uztea erraza izan zen?
Ez, batere ez. Batere ez.
Zer hartzen zenuten?
Hasieran, porroak, gero anfetaminak eta tripiak, eta, azkenean, heroina. Nerabezaroan, esperientzia berriak bilatzen dituzu, eta garai hartan hori drogaren munduan sartzea zen. Heroina kalean zen.
Tratamenduarekin noiz hasi zinen?
Bi urte pasatu ziren. Azkenean, nire defentsa kopuruari muga bat jartzea erabaki nuen, eta defentsak hortik behera erori zirenean, orduan hasi nintzen tratamenduarekin.
Ondorioak nabari zenituen?
Analitikoki onera egin nuen, baina fisikoki gaizki sentitzen hasi nintzen. Nekea, batez ere. Argaldu nintzen. Tratamenduaren ondorioz, proteina bat hartzen dugu, eta gorputzaren gantza banatu egiten da. Toki batzuetan pilatzen da, eta beste batzuetan desagertzen da. Bikotea nuen, harreman finkoa, baina nire itxura fisikoa aldatu egin zen, eta bereiztea erabaki zuen.
Eta senideei noiz esan zenien?
Lagunei lehendabizi, arrebei gero, eta amatxori azkenean.
Nola hartu zuten?
Ez hain gaizki. Batzuetan, isiltasun hitzarmena egiten da. Esan egiten duzu, eta «banekien» esaten dizute. Hala ere, haiek ere ez zekiten zer zen hura. Gogorra zela, bai, baina ez gehiago.
Eta eguneroko bizitza zer moduz daramazu orain?
Lanean eta lanean nabil, eta nire helburuak ditut bizitzan, beste edozein pertsonak bezala. Hiru pilula hartzen ditut egunean -bat goizean eta bi iluntzean-, eta nire defentsa mailak egonkor daude.
Hogei urte asko dira. Bizirik atera denetako bat zara.
Bai, batzuetan horixe pentsatzen dut, nirea loteria izan dela. Batzuek amore eman zuten. Beste batzuk jaiki ziren.
Jende askok ez daki GIB birusa duzula. Ez da erraza izango esatea, ezta?
Ez, ez da erraza. Baina hainbeste urte pasatu ondoren, batzuetan berdin zait. Norekin hitz egiten dudan. Nire inguruan dauden pertsonek ia denek dakite. Baina jende askok bere aurreiritziak dauzka, bere tabuak. Eta ideia egina dute. Uste dut ez dutela nirekin zerikusirik. Baina oker egon naiteke.
Baina elkarrizketa honetarako erretraturik ez duzu atera nahi izan. Zergatik?
Une honetan, amatxorengatik. Bera asko kezkatzen da. Eta bere lagunak eta bere pentsaera eta bere historia daude... Ezberdin pentsatzen dute. «Merezi duzulako zaude horrela», edo «etxetik atera ez bazina...», eta horrelakoak. Erlijioa ere hor dago.
Inoiz esan dizute, «hau da merezi duzuna»?
Hitz horiekin ez, baina bai.
Itxaropenik inoiz botika iritsiko ote den?
Nik ez dut espero. Baina berdin bizi naiz. Ongi nago, eta kirola egiten dut, ez naiz geldirik egoten. Proiektuak martxan jartzen ari naiz, eta horrela gustura nago. Lehenik eta behin, transmisioa saihesteko zerbait atera behar dute. Hiesa garatu duten lagunentzako botikarik ez dut uste ikusiko dugunik.
Badago jendea seropositiboa zarela jakin eta atzera egingo duena. Eskua emateko ere arazoak izango dituena. Ulertzen duzu jarrera hori?
Jendeak ezkutatu behar izaten du seropositiboa dela. Nork esango du, baldin eta kontratua berritu behar baldin badiote, GIB birusa daukala? Jendeak beste herri batzuetara joaten dira medikuarengana, eta botikak erostera. Kredituak lortzeko arazoak daude. Tratamenduak sortzen dituen ondorioak zaintzeko ez dago plangintzarik. Ez kirurgia, ez gibeleko transplanteak... Batzuetan pentsatzen dugu ez dugula bizitzeko eskubiderik. Ez dugula kalitatezko bizimodua eramateko baldintzarik.
Zure bizitza kalitatea ona da?
Kosta egin zait, baina orain ongi nago. Gogorra da, arazoak betikoak direlako. Hogeita bost urte pasatu dira, eta botikekin aurreratu badugu ere, jarreretan betiko beldurrak, bakardadea dago. Jendeak uste du ez duela harremanak izateko eskubiderik, edo maitemintzeko. Asko ikasi behar dugu oraindik.
J.U. (seropositiboa): "Batzuetan pentsatzen dugu ez dugula bizitzeko eskubiderik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu