Kaleratzeak jomugan

2014ko otsailaren 15a
17:32
Entzun

Egindakoa eginda dago, eta, bi urte pasatu direnean, begi bistakoak dira haren ondorioak. Balantzea egitean, ohikoa gertatu da: txalotu egin dute batzuek, kritikatu besteek, eta datu berberen gainean hamaika interpretazio egin dira. Norberarengan eragin duena aparte utzita, etorkizunean gertatuko denak eragiten du zalantza orain. Nazioarteko presioak eta herritarren egoera ekonomikoak baldintzatzen dute, besteak beste, testuingurua. "Doikuntzak" aipatu ditu Espainiako Gobernuak.

Orain bi aste, Nazioarteko Diru Funtsak soldatak jaisteko eta merkatuaren «dualtasunari» aurre egiteko eskatu zion Rajoyren gobernuari. Aitortu zuen dagoeneko jaitsi direla, baina zioen beherakada hori ez dela aski izan krisia hasi aurreko "gehiegikeriak" berdintzeko. Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak aholku bat eman zion: "Erreforma sendotu daiteke, mugagabeko kontratuak eta behin-behinekoak harmonizatuta". Horrek ekar ditzake aldaketak: mugagabeko kontratuak dituztenen kaleratzea merkatzeak. 

Orain bi urte onartutako erreformaren puntu nagusietako bat ere hori izan zen, hogei egunera murriztu baitzen langile finkoen bidezko kaleratzeen kalte-ordaina, gehienez hamabi hilabeteko mugarekin. Alabaina, bidegabeko kaleratzeetan 45 eguneko kalte-ordaina jaso dezakete oraindik langile finkoek, eta bederatzi egunekoa soilik aldi baterako kontratua dutenek. "Arrakala handiegia dago batzuen eta besteen artean, eta horregatik egiten dira hainbeste aldi baterako kontratu".

Argi du erakundeak: langabezia handiaren arrazoia ez da etxegintzaren burbuila lehertu izana bakarrik: «Asko eragiten du soldaten zurruntasunak, lan harrremanen malgutasun faltak eta lan merkatuko dualtasunak». Horren haritik, auzitegiei esan die ez egiteko «hain interpretazio murriztailerik», aurreko erreformen eraginari ere horrek kalte egin ziola uste baitu. Era berean, gaineratu du iraungitako lan itunek indarra galdu behar dutela urtebeteko epean.

Espainiari neurri gehiago eskatu dizkion beste erakundeetako batzuk OCDE eta Eurotaldea dira. Kaleratzeak merkatzeko eta epaileek nahi bezala erabakitzeko esparrua txikitzeko eskatu dute haiek ere, baita prestakuntza kontratuek iraupen luzeagoa izatea ere. Eskaerak bai, baina laudorioak ere bai. OCDEren arabera, erreformak barne malgutasuna handitzea, soldatak moderatzea, kalte-ordainak txikitzea, gaixoaldiak murriztea eta mugagabeko kontratuak sustatzea eragin du, besteak beste.

Proposamenak, apirilean

Baietz dio Espainiako Gobernuak, hartuko dituela neurriak; apirilean aurkeztuko dizkio Bruselari. Rajoyk ez du eman zehaztasun handirik. Esan du zerga sistema aldatuko duela "soilagoa izan dadin eta sarreren askitasuna berma dezan, eta garapen ekonomikoari lagundu diezaion". Zaila du denen gustua egitea. Izan ere, herritarrek ez dute hain begi onez ikusten NDFk, OCDEk eta Eurotaldeak txalotutako soldaten moderazioa eta kaleratzeen merkatzea.
Hala eta guztiz ere, Emilio Olabarria Espainiako Kongresuko EAJko legebiltzarkideak dio nazioartetik finkatutako irizpideei jarraituko diela PPk. "Espainiak subiranotasun ekonomiko falta du, konpromisoak baititu Europako instituzioekin". Haren esanetan, azken lan erreformak ez du balio enplegua sortzeko, kontrakoa baizik. Sabino Cuadrak ere etorkizuneko neurriak «bide beretik» joango direla dio, enpresaburuek beti "mokadu handiagoak" nahi dituztelako. "Lan erreformak jauntxo feudal bihurtu ditu enpresaburuak, gorputzen eta bizitzen gaineko eskubide guztiekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.