INDARKERIA MATXISTA

Kartzelan sartu dute Gasteizko ama-alaben hiltzailea

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 23a
14:45
Entzun

Zaballako espetxera bidali dute joan den ostiralean Gasteizen ama-alaba batzuk hil zituelako atxilotutako gizona. Epaitegiak jakinarazitako autoaren arabera, gizonak uko egin dio deklaratzeari, baina epaileak nahiko zantzu ikusi du bi hilketak leporatzeko. Gainera, hildako emakumearekin zituen umeekin ezingo du harremanik izan.

Epailearen kontakizunaren arabera, bikotekide ohia eta haren ama bizi ziren etxera joan zen gizona ostiral goizean, eta labanaz eraso egin zen. Bikotekide ohia etxean bertan hil zen, eta ama, erietxean.

Hilketak egindako etxean bertan itxi zen gizona. Sua piztu zuen, eta ondoren salto egin zuen. Zortzigarren solairuan dago etxea. Suhiltzaileek koltxoneta bat jarria zuten ordurako, eta haren gainera jausi zen gizona. Zaurituta eraman zuten ospitalera, baina berehala eman zioten senda-agiria.

Gasteizen manifestazio jendetsua egin zuten larunbatean, hilketa salatzeko. Gaur arratsean egingo dituzte protesta gehiago, Emakumeen Mundu Martxak antolatuta: Bilbon, 19:00etan, Arriagan; Donostian, 19:30ean, Bulebarrean; eta Iruñean, 20:00etan, udaletxe plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.