Kronologia

Kolonbiako azken bake negoziazioak

2016ko abuztuaren 25a
16:29
Entzun

1998

• Ekainaren 9a. Andres Pastrana Kolonbiako presidentea eta Manuel Marulanda Tirofijo FARCeko burua bildu ziren.

• Urriaren 23a. Gobernuak 42.000 kilometro koadroko eremu desmilitarizatua utzi zuen FARCen esku, bake negoziazioak han egiteko.

1999
• Urtarrilaren 7a. Bake prozesua ofizialki hasi zuten.

• Urtarrilaren 17a. FARCek prozesua eten zuen, gobernuari paramilitarren aurka gogorrago egin zezala eskatzeko.

• Maiatzaren 6a. Bi aldeak negoziaziorako Agenda Komuna aztertzen hasi ziren.

2000
• Urtarrilaren 13a.
Berriz ekin zieten elkarrizketei.

2001
• Otsailaren 8a.
Pastrana eta Tirofijo presoak trukatzeaz mintzatu ziren.

• Urriaren 5a. Itun bat sinatu zuten su-etena lortzeko. 2002

• Otsailaren 20a. Gobernuak prozesua eten, eta gune neutrala hartzera bidali zuen armada.

2005
• Uztailaren 27a.
Alvaro Uriberen Gobernuak bultzatuta, Justizia eta Bakerako Legea onartu zuten, paramilitarrak desmilitarizatzen hasteko. Legea aplikagarria zen gerrillentzat ere.

2007
• Urriaren 25a.
Martin Caballero hil zuen armadak, FARCeko buruzagietako bat.

2008
• Martxoaren 28a.
Manuel Marulanda Tirofijo hil zen, munduko gerrillaririk zaharrena.

• Uztailaren 2a. Ingrid Betancourt askatu zuen armadak. Sei urtez bahitua izan zuen FARCek.

2010
• Irailaren 23a.
Jorge Briceño Mono Jojoy FARCeko buruzagi militarra hil zuen armadak.

2011
• Ekainaren 11.
Biktimen Legea eta Lurrak Itzultzeko Legea onartu zituen gobernuak.

• Azaroaren 15a. FARCeko buru Alfonso Cano hil zuten, eta Rodrigo Londoño Timochenko-k hartu zion lekukoa.

2012
• Otsailaren 26a.
FARCek bahiketak baztertu, eta azken bahituak aske utzi zituen.

• Ekainaren 14a. Parlamentuak Bakerako Legea onartu zuen, talde armatuekin negoziatzea ahalbidetzeko.

• Abuztuaren 27a. Telesurrek iragarri zuen FARCek eta gobernuak ituna sinatu zutela bake prozesua hasteko.

• Irailaren 4a. Bake elkarrizketak hasteko prest zeudela iragarri zuen Timochenkok.

• Urriaren 18a. Bake elkarrizketetan parte hartuko zuten ordezkarien izenak jakinarazi zituzten. Gobernuaren izenean parte hartu zuten, besteak beste, Bakerako Goi Komisionatu Sergo Jaramillok eta Kolonbiako presidenteorde ohi Humberto de la Callek. FARCen izenean, berriz, Ivan Marquezek eta Ricado Tellezek.

• Azaroaren 6a. Habanan bildu ziren bi aldeak, azaroaren 15ean Oslon hasiko zituzten elkarrizketen inguruko xehetasunak adosteko.

• Azaroaren 19a. Hurrengo egunean hasi eta urtarrilaren 20an amaituko zen alde bakarreko su-etena iragarri zuen FARCek. Menia indarrean sartu zen egun berean, Kolonbiako Defentsa ministroak iragarri zuen segurtasun indarrek gerrillaren aurkako operazioekin jarraituko zutela.

2013
Urtarrilaren 21a. Bigarren elkarrizketa saioa hasi zuten, FARCen bi hilabeteko su-etena amaitu zen egun berean.

• Urtarrilaren 23a. Juan Manuel Santos presidenteak ohartarazi zuen bertan behera utziko zituela elkarrizketak, prozesuak aurrera egiten ez bazuen.

Apirilaren 9a. Manifestazio jendetsuak egin zituzten Kolonbiako hainbat hiritan bake prozesuren alde. Bertan izan ziren Santos presidentea eta hainbat gerrillari ohi.

• Apirilaren 23a. Bake elkarrizketei ekin zieten Habanan.

• Maiatzaren 26a. Lehen akordioa heldu zen, nekazaritza lurren garapenaren ingurukoa.

Abuztuaren 5a. Egiaren Batzorde bat sortzeko aukera jarri zuen FARCek mahai gainean. Haren lana litzateke gatazkan egindako gizateriaren aurkako krimenak argitzea. Hilaren 20an, gerrillak biktimen inguruko erantzukizuna onartu zuen. 

• Azaroaren 6a. Elkarren aurkako kritikek eragindako krisia gainditu ostean, parte hartze politikoari buruzko hitzarmena adostu zuten FARCek eta Kolonbiako Gobernuak.

2014
• Maiatzaren 16a.
Narkotrafikoaren eta legez kanpo uztearen inguruko akordioa itxi zuten. Drogen salerosketa saihesteko neurriak eta nekazariei eman beharreko ordainak zehazten ziren bertan.

• Uztailaren 30a. FARCek hainbat eraso egin zituen argindar azpiegituren aurka, eta horrek kolokan jarri zuen prozesua.

• Abuztuaren 7a. Kolonbiako Konstituzionalak zehaztu zuen politikan parte hartu ahal izango zutela FARCeko kideek, baldin eta gizateriaren aurkako krimenik egin ez bazuten.

• Abuztuaren 13a. Hauteskundeen osteko lehen bake elkarrizketa sailari ekin zioten. Biktima taldeak ere Habanara bildu ziren bi ordezkaritzekin hitz egiteko. Elkarrizketak oztopatzeko saialdiak salatu zituen FARCek.

• Urriaren 25a. Luis Adan Hidalgo Cartagena Eduardo FARCeko buruzagia eta haren bizkartzainetako bat hil zuen armadak, Poliziarekin batera eginiko operazio batean.

Azaroaren 30a. Bere esku zituen hainbat militar askatu zituen FARCek, tartean, Ruben Dario Alzate jenerala.

• Abenduaren 15a. Gatazkak eragindako 60 milioi biktimak ordezkatuko zituen taldea osatu zen.

• Abenduaren 17a. Alde bakarreko su-eten mugagabea iragarri zuen FARCek, eta gauza bera egiteko eskatu zion gobernuari.

2015
• Urtarrilaren 15a. Alde biko su-etena negoziatzen hasi ziren FARC eta Kolonbiako Gobernua, lehenak egindako eskaerari erantzunez.

Martxoaren 3a. Minak indargabetzea hitzartu zuten bi aldeek. Handik gutxira FARCen aurkako bonbardaketak eteteko agindu zuen Santos presidenteak. Hilabetera hasi zituzten berriz erasoak, FARCek atentatu batean 11 militar hil ostean.

• Maiatzaren 22a. Bertan behera utzi zuen gerrillak 2014tik indarrean zen alde bakarreko su-etena, armadaren bonbardaketa batean 26 gerrillari hil ostean. Tartean zegoen negozitzaile taldeko kide bat ere.

• Ekainaren 5a. Kolonbiako Gobernuak eta FARCek Egiaren Batzordea eratzea adostu zuten, "giza eskubideen urraketak ikertzeko, erantzukizunak egozteko, biktimak aitortzeko eta elkarbizitza sustatzeko".

Uztailaren 8a. Hilabeteko su-etena izango zena menia mugagabe bihurtu zen aste gutxian.

Irailaren 23a. Gobernuak eta FARC-EP gerrillak akordio historikoa egin zuten, justizia trantsizionalaren puntuan ados jarrita. Horren arabera, auzitegi berezi bat sortuko dute gatazkan izandako indarkeriazko ekintzak ikertu eta epaitzeko.

• Urriaren 19a. Biktimak bilatu, kokatu, identifikatu eta entregatzea adostu zuten FARCek eta gobernuak, eta baita horretarako talde berezi bat sortzea ere, akordioak sinatu ostean lanean hasiko zena.

• Abenduaren 15a. Gatazka amaitzeko azken aurreko urratsa egin zuten bi aldeek, biktimen erreprazioa onartuz. Testuak biktimen ordezkarien iritzia jaso zuen.

2016
• Urtarrilaren 19a. FARCen desarmeari buruzko negoziazioak hasi zituzten. Bi aldeek onartu zuten NBEko nazioarteko begirale talde batek egiaztatzea desarme prozesua.

• Maiatzaren 13a. Prozesua babesteko hitzarmen juridikoa itxi zuten FARCek eta gobernuak. Era horretan, akordioa Konstituzioan txertatzea zuten helburu, Genevako Hitzarmena oinarri hartuta.

• Ekainaren 22a. Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EP gerrillak behin betiko su-etena hitzartu zuten.

• Abuztaren 24a. Amaitutzat eman zituzten Habanako bake negoziazioak, eta akordia berresteko erreferendumaren eguna iragarri zuten: urriaren 2a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.