Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua

Kongresuaren erronka etorkizuna bermatzeko urratsak finkatzea dela agertu dute antolatzaileek

Goizeko bederatzietan hasi da Bilboko Euskalduna Jauregian Eusarazko Kazetaritzaren I. Kongresua, eta abiatu eta segituan egin duten antolatzaileek gizartearekin ekitaldi horren nondik norakoak eta helburuak azaltzeko agerraldia. Zehazki, Jose Inazio Basterrexea EHUko Kazetaritza Fakultateko irakasleak, Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendariak, Tere Irastortza Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, Aitzpea Leizaola UEUko zuzendariak eta Jasone Mendizabal Topaguneko lehendakariak parte hartu dute agerraldian. Funtsean, "asmo fundatzailea" dutela agertu dute, eta euskarazko kazetaritzaren etorkizuneko erronkei aurre nola egin finkatzekoa.

2004ko azaroaren 9a
11:40
Entzun
Jose Inazio Basterretxeak adireazi du Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuaren helburua "fundatzaile" izatea dela. Hain zuzen ere, euskarazko kazetaritzaren eremuak baduela gizarteari zer eskaini agertu du; zehazki, elkarbizitzarako tresna dela, eta tresna hori eraikitzea dela xedeetako bat. Horregatik nabarmendu du "asmo fundatzailea".

'Berria'-ko zuzendari Martxelo Otamendik, berriz, etorkizunera begira oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu nahi izan du. Otamendik aitortu du duela 30 urteko egoerarekin alderatuta jauzi handia egin dela euskarazko kazetaritzaren eremuan, baina, hala ere, oraindik "oinarrizko egoeran" dagoela iritzi dio. Horregatik, etorkizuneko apostuak handiak direla agertu du.

Topaguneko lehendakari Jasone Mendizabalek ere 30 urtean egindako lanari so eginez abiatu du bere mintzaldia. Mendizabalen ustez, 30 urteko ibilbide hori aztertuta badaude "baikor" izateko arrazoiak, baina hark ere oraindik gauza asko egiteke daudela adierazi du. Horregatik, Kongresuaren ekarpenteako bat diagnosia egitea izango dela azaldu du, hartara etorkizunean jorratu beharreko bideak argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.