Iñigo Urkulluk Radio Euskadiko elkarrizketa esan du berak ezin diola uko egin hauteskunde programan autogobernuari buruzko kontsulta bat egiteko aukerari. Hori bai, zehaztu du kontsulta hori beste alderdiekin eta Espainiako Gorteekin adostu beharko litzatekeela. Kontsulta horrek "legalitatearen eta demokraziaren printzipioak" uztartu behar dituela defendatu du.
2012ko hauteskunde kanpainan kontsulta 2015ean egiteko helburua jarri zuen Urkulluk. Egin ez izana, ordea, ez zaio porrota iruditzen lehendakariari, ezta Eusko Legebiltzarreko autogobernu lan taldearen ponentziak akordiorik egon ez izana. Bere ustez nahikoa oinarri dago, hala ere, alderdien artean elkar ulertzeko.
"2015. urtea jarri nuen helburu pentsatuz Espainiako estatuaren lurralde ereduak eta eredu instituzionalak aukera ematen zuela eta eskatzen zuela eredu plurinazional bati buruzko errealitate berri bat negoziatzea alderdiek eta erakundeek", argudiatu du. Bere ustez egiteko dauden lanen zerrendan dago gaia, eta beharrezkoa da, ez soilik Euskal Herrian, baita Espainian ere.