KRONIKA: "Badakizu galdeketa bat badela?"

2010eko martxoaren 14a
21:13
Entzun
Idurre Eskisabel

"Badakizu galdeketa bat badela?", galdera horrekin agurtzen zituen Haritza Kanblongek gaur goizean Hendaiako (Lapurdi) Lizeo Profesionalaren atarian Akitaniako Kontseilurako hauteskundeetan botoa eman ondoren kanporako bidea hartu berri zuten herritarrak. Izan ere, hantxe izan du jarrita Batera plataformak instituzio propioari buruzko galdeketa egiteko botoa emateko guneetako bat: boto kutxa mahaitxo baten gainean, eta galdeketari erantzuteko boto papera intimitatean aukeratu ahal izateko gordeleku inprobisatua aldamenean. Erantzun beharreko galdera sinplea: "Euskal lurralde elkargo baten alde al zira?"; erantzuna, noski, bakoitzaren iritziaren araberakoa.

"Jende askok ez daki galdeketa badela, eta azalpenak eman behar zaizkio. Irtetzerakoan azalpena emanez gero, hainbatek botoa ematea erabakitzen dute. Beste batzuek nahiago dute parte hartu gabe alde egin", agertu du Kanblongek.

Une horretan, adineko emakume bat irten da botoa emateko lekutik. "Egunon, bonjour", agurtu du adeitsu Kanblongek, eta Batera plataformaren azalpen orria luzatu. Euskaraz erantzun dio andreak, eta euskaraz eman dizkio azalpen zehatzagoak Batera-ren laguntzaileak. Baina burua ezker-eskuin mugituz, ezezkoa adieraziz, alde egin du emakumeak, galdeketan parte hartu gabe.

Bitarte horretan, ordea, beste emakume bat, 50 bat urtekoa iritsi da. Transgenikoen kontrako ikurra darama jakan, eta inoren azalpen beharrik gabe inguratu da Batera-ren boto mahaira, eta parte hartzeko arauei buruzko azalpenak galdetu ditu botoa emateko asmo sendoz.

"Bai, bai, badakit galdeketa dagoela eta zertaz den, baina ez dut parte hartu nahi", erantzun dio oraingoan Kanblongi botoa ematetik atera berri den gizon bigotedunak. "Horrelakoak ere badira", agertu digu, "badakite galdeketa eta Batera zen den, eta kontra dira. Esaten diegu, hala ere, hobe dela galdeketan parte-hartzea eta instituzioaren aurka direla agertzea, baina jarrera horretako gehienek ez dute nahi".

Eta hortxe dator beste herritar bat Akitaniako hauteskundeetan botoa ematetik, eta berriro ere azalpena eman behar. Honek ere ez daki ezer galdeketari buruz. "Bai, egia da jende asko dagoela ezjakinean. Komunikabide nagusiak aurka dira, eta, bai, hori gertatzen da", Kanblongek.

Hendaian Herriko Etxean dago beste hauteskunde mahai bat, eta han ere, atarian, Batera-k jarrita dauzka bere boto mahaia eta papera aukeratzeko gordelekua. Andoni Etxarri arduratzen da gune horretaz, eta haren iduriko, Akitaniako bozetan botoa eman duten hirutik bat ari da parte hartzen instituzio propioari buruzko galdeketan. Hala ere, jende gutxi dabilela azpimarratu du, eskualdeko bozek jende gutxi eraman dutela hauteskunde mahaietara.

Batera-k aurreratutako datuen arabera, alde handiak daude toki batetik bestera parte-hartzean. Goizeko azken orduan hautesleen %24k parte hartu zuten Heletan; Garaziko kantonamenduan %11koa zen parte-hatzea; Baaigorrin %10ekoa, eta, Baionan %3,7koa.

Galdeketa 122 herritan egitea lortu du Batera-k, eta horrenbestez, hautesleen %91k izan du bere iritzia emateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.