KONTZERTU EKONOMIKOA

Kupoa "moldatu eta eguneratzea" proposatu du PSOEk

2015eko urriaren 2a
15:06
Entzun

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak kupo bidez Espainiako Estatuari ordaintzen dioten diru kopurua "moldatu eta eguneratu" egin behar dela adierazi du Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak, Ser irrati katean eginiko adierazpenetan.

Sanchezek azaldu du ez dela "kontzertu ekonomikoaren funtsean" sartzen, argudiatuz Espainiako Konstituzioak hiru herrialdeen eskubide historikak aitortzen dituela eta kontzertua eskubide historiko horietan oinarritzen dela, baina uste du berrikusi egin behar dela kupoa.

Sanchezen hitzek erreakzio ugari eragin dituzte euskal alderdien artean. Aitor Esteban EAJko diputatuak "euskal autogobernuaren aurkako eraso argitzat" jo ditu Sanchezen adierazpenak: "Ez daki zertaz ari den hizketan, entzun duena esan du". Kontzertua eta kupoa ezin direla aldebakartasunez moldatu gogorarazi dio, eta hainbat datu azaldu dizkio: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak Espainiako Estatuko biztanleen %4,7 dira, eta hiru herrialdeek Espainiaren Barne Produktu Gordinean duten pisua, berriz, %6. Hala ere, %6,24 ordaintzen diote Espainiari; BPGan duten pisua baino gehiago.

EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek, berriz, erabakitzeko eskubidea defendatu du, eta salatu "ezinezkoa" dela Espainiako Estatuarekin alde bikotasun harreman bat izatea: "Madrilek murrizketen, zentralizazioaren eta uniformizazioaren alde egiten du gehiago, alde biko erabaki esparruak errespetatzearen alde baino".

PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiak babestu egin ditu Sanchezen hitzak, eta ziurtatu du PSOE "irmoki engaiatua" dagoela euskal autogobernuarekin eta kontzertu ekonomikoarekin.

PPko legebiltzarkide Borja Semperrek, berriz, esan du kontzertua ez dagoela auzitan "Ez Euskadin, ezta PPn ere". Aitzitik, aitortu du kupoa "modu objektibo eta teknikoan" gaurkotu behar dela, argudiatuta legez bost urtero berrikusi behar dela eta duela zortzi ez dutela hala egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.