Fagor Etxetresnen porrotak bere kontuetan ondorio kaltegarriak izan ditzakeen arren, Kutxabank prest azaldu da kooperatiben errautsetatik sor daitezkeen proiektu berriak finantzatzeko. Hala adierazi diote Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari Mario Fernandez Kutxabankeko lehendakariak eta Xabier Iturbe lehendakariordeak.
Bilera egin dute arratsaldean Donostian aldundiko eta bankuko arduradunek. Hasiera batean Iturbe baizik ez zuten espero, baina harekin batera joan da Fernandez ere. "Konpromisoak maila handiagoa hartzen du horrela", nabarmendu du Garitanok.
Fernandezek eta Iturbek ez dute bileraren emaitzaren berri eman, eta jakinarazitako guztia Garitanoren ahotik zabaldu da. Hark esan duenez, "Kutxabankek bermatu digu errentagarriak izan daitezkeen atalentzat bideragarritasun planak izanez gero, prest dagoela parte hartzeko". Onartu du, ordea, artean ez dagoela planik, eta den-dena konkurtsoko administratzailearen esku dagoela. Hark erabaki behar du zer egin daitekeen Fagorren lantegiekin eta negozio lerroekin.
Aldundia bera ere prest dago laguntzeko, baina ez du "itxaropen faltsurik" sortu nahi.