LAB ere ez da Azkarragak deitutako bilerara joango, auzia konpontzeko "borondate eza" salatuta

2008ko uztailaren 28a
18:42
Entzun
LAB sindikatuak gaur iragarri du ez dela, ELA bezala, etzirako Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Joseba Azkarragak deitutako bilerara joango. "Ez da unea zerbait egiten den itxura emateko argazkiak egitekoa; ez da [arazoak konpontzeko] deus egiten eta ez dago horretarako asmorik", salatu du ezkerreko sindikatu abertzaleak.

Azkarragari esan dio "lan baldintzak direla langileen osasuna eta bizia ebasten dutenak".

"Lan istripuen kausen -prekarietatea, lan erritmo biziak, azpikontratazioa, behin behinekotasuna- aurrean Lan Sailak ez du inoiz neurririk jartzen, horrek enpresaburuei aurre egitea ekarriko bailuke".

LABen idurikotz, lan ezbeharrei eman beharreko erantzuna ez da "erantzukizunak barreiatzea, ezta zerbait egiten den itxura emateko argazkiak ateratzea ere, drama horren aurrean gizartearen erantzuna lotarazten saiatzeko". "Kontua ez da eskumen gabeziaren aitzakiak jartzea, zeren eta, nahiz eta egia izan, eskura dauden eskumenekin orain egiten dutena baino askoz ere gehiago egin dezakete".

Hala, "dagokionari" egin behar zaio aurre, eta "benetako planak, ez paperezkoak, egin", nabarmendu du LABek. Zentzu berean, "beste aldera begiratzeari utzi" egin behar zaiola uste du, "langileen osasuna eta biziari lehentasuna emateko".

"Lan istripuak ez dira gutxitu"

LABek Azkarragari nabarmendu dio lan istripuak ez direla gutxitu, sailburuak esan duen bezala, baizik eta etengabeak izaten jarraitzen dutela, duela hainbat urtetik kopuruan aldaketa handirik izan gabe. "Gertatzen dena zera da, ez dituztela lan istriputzat hartzen hala hartu beharko lituzketen asko, hala nola errepidean gertatzen direnak eta errepide istriputzat jotzen direnak", azaldu du sindikatuak, lanean, lanerako bidean edota lanetik bueltan, besteak beste, jazotzen direnei erreferentzia eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.