Laffage auziko fiskalak Yllanesen aurkako 20 urteko kartzela zigor eskaera 17ra murriztu du

2009ko azaroaren 9a
18:29
Entzun
Nafarroako Auzitegi Nagusiko bigarren aretoan, Nagore Laffage Irungo (Gipuzkoa) gaztearen hilketari buruzko epaiketa amaitzear da, eta Javier Muñoz fiskalak zerbait aldatu egin du Jose Diego Yllanes ustezko hiltzailearen aurkako kartzela zigor eskaera: epaiketa aurretik hogei urtekoa eskatzen zuen eta gaur hamazazpi eta erdikoa galdegin du. Yllanesen familiak Laffageren sendiari hilketa ondoren 126.853 euro eman izana garrantzitsua izan zela dio fiskalak, eta horregatik merezi duela ustezko hiltzaileak zigor txikiagoa jasotzea.

Horretaz gain, Nagore Laffageren guraso bakoitzari 120.000 euroko eta anaiari 80.000ko kalteordaina emateko eskatu du Muñozek.

Laffageren familiak, hasieran bezala, hogei urteko espetxealdia eskatu du Yllanesenentzat, hilketagatik eta gorpua profanatzeagatik. Irungo eta Iruñeko udalak, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak ere akusazio gisa aurkeztu dira. Herri epaimahai batek ebatziko du auzia -bederatzi lagunek osatzen dute-.

Defensak bere aldetik, zazpi urteko espetxe zigor eskaera egin du, haren ustez, akusatua egindako kaltea "konpontzen" saiatu delako, "intoxikazio" egoeran zegoelako eta "eroaldi baten ondorio" izan zelako. Defentsak bihar 10:00etan aurkeztuko ditu kasuaren inguruko txostena eta ondorioak.

Epaia, berriz, asteazkenean edo ostegunean jakinaraziko dute.

Yllanesek astearteko saioan aitortu zuen berak hil zuela Nagore Laffage. "Ez nuen egin nahi, baina hil egin nuen". Biktimaren gainean jarrita lepoa estututa hil zuela adierazi zuen. Hala ere, Laffage hil zen gauaz ez dela ia gogoratzen zioen, "edanda" zegoelako. 2008ko uztailaren 7an hil zuten Laffage, Iruñean.

Gaur ere egin dute hainbat lagunek auzitegi aurrean elkarretaratzea, Nagore, zure oroimenez lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.