Lagun bat atxilotu dute Bilboko hautesleku batean, Madrazoren bizkartzain bati eraso egitea egotzita

2007ko maiatzaren 27a
12:38
Entzun
Ertzaintzak ezker abertzalearen jarraitzaile bat atxilotu du Bilboko Elexabarri hauteslekuan, Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusi eta Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren bizkartzain bat jotzea leporatuta.

Herrizaingo Sailak eman dituen azalpenen arabera, hamar bat lagunek oihuka hartu dute EBko buruzagia, ilegalizazioen harira hauteskunde hauetan "iruzurra" gertatuko dela iritzita. Gainera, lagun horietako batek bizkartzain bat jo duela agertu dute iturri horiek, eta atxilotu egin dutela.

Imazek Barajasko atentatuaren kontrako oihuak eskatu ditu

Josu Joan Imaz EAJko presidentea ere protesta oihuekin hartu dute ezker abertzalearen jarraitzaileek Donostian botoa ematera joan denean. Jarrera horrekin suminduta agertu da jeltzaleen buruzagia, eta protesta horietan parte hartzen ari direnei ETAk abenduaren 30ean Barajasen egin zuen atentatua gaitzesteko oihuak eskatu dizkie. "Orduan izan zuten garraisi egiteko aukera ona, eta ez genuen ezer entzun", azpimarratu du.

EAE-ANVri botoa emateko eskatu du Otegik, "prozesuaren alde"

Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiak, berriz, Elgoibar (Gipuzkoa) jaioterrian eman du botoa. EAE-ANVren aldeko botoa emateko eskatu die hautesleei, konponbide prozesu baten aldeko boto baliagarriena dela iritzita. PSOE eta EAJ mahai batean eserarazi ditzakeen botoa hori dela nabarmendu du Batasuneko buruzagiak.

Silikonarekin itxita zeuden zenbait hautesleku Nafarroan

Arestian aipatu bezala, ilegalizazio eta baliogabetzeen kontra protestatzeko zenbait buruzagi politiko protesta oihuekin hartu dituzte ezker abertzalearen jarraitzaileek zenbait lekutan. Bestelako protesta ekintzak ere izan dira. Esate baterako, Nafarroako Esteribar bailaran Zubiriko eta Eugiko hauteslekuetako ateetako zerrailak silikonarekin itxi dituzte norbaitzuk.

Etxarri-Aranatzen, berriz, NaBai-ren kontrako pintadak agertu dira hautesleku batean, eta ilegalizazioen kontrakoak Lesakako beste batean.Elizondon hauteslekutik hurbil zegoen edukiontzi bati su eman diote 06:20 aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.