Langabezia tasak hamarren bi egin ditu behera otsailetik martxora bitartean, eta %10,2an geratu da. 2011ko abuztuaz geroztik eurogunean izandako langabezia tasarik txikiena da. Azken lau hilabeteetan langabeziak izandako lehen jaitsiera da, abenduan, urtarrilean eta otsailean %10,4an mantendu baitzen tasa. Iazko martxoko datuarekin erkatuz gero, langabezia puntu bat jatsi da urtebetean eurogunean.
Europako Batasunean, berriz, %8,8koa zen langabezia tasa martxoan, otsailean baino hamarren bat txikiagoa eta urtebete lehenago baino bederatzi hamarren apalagoa. Eurostaten arabera, 21.419 milioi langabe zeuden martxoan Europako Batasunean, horietatik 16.437 milioi eurogunean.
Langabezia tasa handiena duten herrialdeak hegoaldekoak dira: Grezia %24,4rekin, Espainia %20,4rekin, Kroazia %14,9rekin eta Portugal %12rekin. Langabe gutxien dituzten herrialdeen artean lehenak Txekiar Errepublika (%4,1), Alemania (%4,2), Malta (%4,7) eta Erresuma Batua (%5) dira.