Langile bat larri zauritu da gaur goizean Gasteizen, Jundiz industriagunen izandako leherketa batean, lanean ari zela. Pemco enpresan izan da eztanda, goizeko sei eta erdietan. Esmalteak egiteko osagai kimikoak erabiltzen ditu lantokiak.
Osalan Segurtasunerako eta Lan Osasunerako Euskal Institutuak jakinarazi duenez, beharginari, 53 urteko LM.B.D.-ri, ebakuntza egiten ari zaizkio Gasteizko Santiago erietxeko medikuak. Bularrean eta gibelean traumatismoa du, aurpegi eta buruan erredurak, buruko larruazala erauzia eta matrail hezurra hautsia. Gaineratu duenez, 20 urte baino gehiagoko eskarmentua du langileak, eta saileko arduradun kargua du.
Ezbeharra esmalteak egiteko nahasgailu bateko tapa irekitzera joan denean gertatu da. Ostiraletik geldirik zegoen nahasgailuetako bat -frita, zeramika eta silikona gaiak nahasteko- irekitzean, erreakzio gaseosoa sortu, eta leherketa gertatu da. Ondorioz langilea nahasketa guneko hesiraino jaurti du eztanda uhinak.
Gutxira Santiago erietxera eraman dute, larri zaurituta.
Lehengo astean lau behargin hil ziren Euskal Herrian lan istripuetan.
Langile bat larri zauritu da Gasteizen, leherketa batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu