Langileen eta zuzendaritzaren arteko bileran ez da izan aurrerapausorik

Iker Aranburu.
2016ko apirilaren 20a
21:38
Entzun

Aurrekoak bezala amaitu da Arcelor Mittaleko ordezkarien eta Zumarragako enpresa batzordekoen arteko laugarren bilera: alde bakoitza gauza desberdinei buruz hitz egin nahian. Langileen ordezkariek fabrika irekita jarraitzeko aukerak lantzeko eskatu zioten zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzak landu duen plana ardatz hartuta; enpresak, berriz, itxiera erabakita dagoela eta Zumarragako langileak beste planta batzuetara bidaltzeko proposamenari buruz hitz egiteko ordua dela.

268 langile Asturiasera igorri nahi ditu, 50 Olaberrian edo Euskal Herriko beste fabriketan kolokatu, eta 24ri erretiro aurreratua eman nahi. Mugimendu horiei buruz hitz egiteari uko egin dio enpresa batzordeak, ez baitu onartzen itxiera justifikatzeko enpresak aurreko bileran emandako datu ekonomikoek itxiera justifikatzen dutenik.

Efe agentziaren arabera, langileen ordezkariek «plan sendo bat» eskatu diote Arcelor Mittali Gipuzkoan dituen lantegi guztientzat (Zumarraga, Olaberria, Bergara). Ildo horretatik mintzatu da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere. «Euskadin dituen lantegi produktiboetan» inbertsioak egiteko eskatu zion multinazionalari,  haien etorkizuna bermatze aldera. Elkargiren jardunaldietan zegoela, Urkulluk berriro deitoratu du Espainiako Gobernuaren ez diola lagundu Arcelorren arazoei irtenbidea bilatzen, eta altzairuaren krisiaren irtenbidea Europan dagoela gaineratu zuen.

Manifestazioa, larunbatean, Bilbon

Besteak beste Zumarragako fabrikaren itxierak eragin du lau sindikatu nagusiek bat egitea eta industria politika sendoago bat eskatzeko manifestazio batera deitzea, etzi eguerdian, Bilboko Jesusen Bihotzean. Hara joateko eskatu du LABek, eta haserre azaldu da instituzioen lanarekin: «Ez dago instituzioen partetik ekonomiaren nazioarteratze prozesu honetan euskal esparru sozioekonomikoa bultzatzeko estrategia argirik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.