Enpresek lanpostuei eusteko erreserba funtsak eratu behar dituztela nabarmendu du gaur EAko hautagai Unai Ziarretak, Bilbon eginiko mitinean. Haren iritziz, soilik beren irabazien zati bat erreserba funtsak eratzera bideratzen dituzten enpresei eman beharko litzaizkieke laguntza publikoak. "Erreserba funts horiekin krisi garaian lanpostuei eutsi ahal izango liekete", azaldu du.
"Enpresek betekizun sozial hori dute, zeren eta, nahiz eta azkenaldian irabazi handiak lortu dituzten, orain arduratsu jokatzeko tenorea dute". Zentzu horretan, enpresaburuei eskatu die aurten beren akziodunen artean irabaziak banatzeari uko egiteko eta diru hori enpresetan bertan erabiltzeko, hala lanpostuei eutsi ahal izateko erreserba funtsak sortzeko. EAEko instituzioei enpresei "erantzukizun" hori exijitzeko eskatu die, halaber, Ziarretak.
Gainera, Espainiako Gobernuari eskaera egin dio, honek Gizarte Segurantza eta Lan Ikuskaritzaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzari transferitzeko.
PSOE eta PSE-EE kritikatu ditu EAko hautagaiak, bere iritziz "sozialistek gizartea engainatzen" dutelako "aldaketaz hitz egiten dutenean, benetan proposamenik ez baitute". Ildo berean, Eusko Jaurlaritzan PSE-EE EAJren koaliziokide izan zeneko garaia gogora ekarri, eta alderdi sozialistaren kudeaketa kritikatu du; "ustez kabinete transbertsala izan zen". "Urte haietan euskal ekonomia [EAEkoa] Espainiakoa baino gutxiago hazi zen, Euskadin enplegua [Espainiako] Estatuko gainerako tokietan baino gutxiago hazten zen, atzerri inbertsioa jaitsi egin zen, eta gazteek emigratu behar izaten zuten".
80ko hamarkadaren bukaera eta 90eko hasiera artean iraun zuen EAJ-PSE/EE gobernu koalizioak, eta Ziarretaren ustetan, "Osasun arloko transferentzia lorpena izan ezik —garrantzitsua izan zena— Estatutuaren garapenak ez zuen inolako aurrerapen esanguratsurik izan". Horiexek dira PSE-EEren hautagai Patxi Lopezen "erakusgarriak", zehaztu du EAko buruak.
Lanpostuei eusteko erreserba funtsak eratzeko eskatu die Ziarretak enpresaburuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu