Larunbateko manifestazioan parte hartzera deitu dute Kontseiluko kideek

2016ko maiatzaren 31
12:46
Entzun

Heldu den larunbateko manifestazioaren aurretik, azken agerraldia egin dute Kontseiluko kideek eta euskalgintzan diharduten zenbait ordezkarik. Nafarroan gertatu diren hainbat kontuk deialdiaren beharra agerian utzi dutela azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Hala ere, herritarren gogoa indartsu dagoela ere azpimarratu du, "eta hori albiste pozgarria da". Ekainaren 4an, 17:30ean, Golem-Baiona zinema aretoetatik abiatuko da manifestazioa, Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean. Hantxe egin dute gaurko agerraldia ere.

"Apirilaren 15ean aurkeztu genuen larunbatean hemendik bertatik abiatuko den manifestazioa. Orduan esan genuen bezala, ez gaude duela urtebete espero eta nahi genuen egoeran. Denbora tarte honetan, hainbat gertaera jazo da, eta kalera ateratzeko beharra berretsi besterik ez digute egin", esan du Bilbaok agerraldiaren hasieran. Iruñerrian ETBren seinalea eteteko erabakia, Iruñeko haur eskolen gaineko epaia eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak Baztango euskara plana bertan behera utzi izana aipatu ditu Kontseiluko idazkari nagusiak, besteak beste.

Bilbaoren irudiko, auzi horiek guztiek hainbat gauza utzi dute agerian: "Batetik, ziurtasunik eza dagoela eta, erregimena gobernuan egon ala ez, esku luzea duela; bestetik, aipatu nahi dugu ez dela soilik indarrean dauden lege eta arauen kontua, epaileek erakutsi duten jarrera makurrak eragin zuzena izan baitu".

Horregatik, "neurri ausartak" hartzeko garaia dela esan du Kontseiluko buruak, eta inoiz baino beharrezkoagotzat jo du aldarria kalera ateratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.