Juan Mari Abad
Gaztelubide danborradako danbor nagusia
«Lekukoa uzteko ordua da»
Behin bakarrik ikusitakoa errepikatuko da gaur Donostiako Konstituzio plazan: Juan Mari Abadek kalez jantzita zuzenduko du San Sebastian martxa. Bukatutakoan, lekukoa Jose Ramon Mendizabali utziko dio. Dena prest dago aro aldaketarako; emozioak, bor-bor.
Manolo Mujikaren eskutik hartu zuen Juan Mari Abadek Gaztelubideko danbor nagusia. Kaleko jantzita eman zion zuzendari makila, 1995ean. Gaur gauerdian berriz egingo da liturgia, baina Abadek utziko du makila oraingoan.
Hamabost urtez izan da festaren aurpegia Abad. Aurpegi barea dauka oholtza gainean, serioa. Horregatik, urteotan malkoren bat irten zaionean jendeak azkar ulertu du une horretako emozioa. «Oraintxe oso ondo nago, baina ordularia hamabiak jotzen hasten denean..», dio kezka pixka batekin.
Gaztelubide bor-bor dago. Danborrak eta upelak sarreran daude pilaturik, danbor jotzaileen zain. Sukaldean ere jo eta ke ari dira, mokadu goxo zein sofistikatuenak prestatzen. Gaztelubideko bazkide presidentea da Juan Mari Abad, danborradako danbor nagusiaz gain. «Lekukoa uzteko ordua da. Urte asko dira, eta Jose Ramon Mendizabalen eskuetan esku onetan geratzen da makila. Harekin edonora joan daiteke. Badakit primeran egingo duela».
Baina, bien bitartean, Abadek bere azken martxa zuzenduko du. Hura amaituta, makila utzi eta danborradarekin batera udaletxera joango da. «Han bukatuko da dena», dio irribarre goibel batez, «baina lasaitasunez». Bi semeak, alabak eta suhiak lagunduko dute oholtzatik jaisten. Guztiak izango dira danborradan parte hartzen. Silvia alaba, urketari gisa. «Ongi lagundurik esango dut agur, ez dago zalantzarik».
Hamabost urtean «oso une onak» izan ditu zuzendariak, eta txar bakar batzuk ere bai, «baina nahiago dut haiekin ez gogoratu», dio. Onenen artean: lehen aldiz jo zuenekoa. «Hogeita bat urterekin igo nintzen oholtzara lehen aldiz. Baina makilarekin egin nuen estreinakoa ezin dut ahaztu. Buelta eman eta jendetza hori ikustea... ez dago azaltzerik». Ikurrina legeztatu zuteneko urtea ere ez du ahaztu. «Zoragarria izan zen hura». Ezta Donostiako Orfeoiarekin batera jo zutenekoa ere. «Ia ez ginen sartzen han, baina haiek hastean oilo ipurdia jarri zitzaindan».
Izan ere, gauerdia iritsi baino minutu pare bat lehenago dena kamera geldian bezala ikusten hasten da Abad. «Xehetasun txikienarekin ere akordatzen zara. Zenbat sentipen minutu batean: familia, joandakoak, nire emaztea izandakoa... Badakit oraingoan ere hunkitu egingo naizela».
«Donostian ateratzen den lehen danborrada gara», azaldu du Abadek, «eta erreferentzia bilakatzen gara zerbait gaizki doanean edo zalantzaren bat dagoenean». Horregatik, tentsioa ere baliatzen du zuzendariak gauzak bide onetik eramateko. «Dena den, hau festa dela ez da ahaztu behar; ez gara militarren desfile bat».
Emakumearen parte-hartzea
Duela urte batzuk Udalak presioa egin zion Gaztelubideri emakumearen parte-hartzea handi zezan, eta gaur egun 24 ateratzen dira elkartearen danborradan. «Erabaki zuzena hartu genuen; ez dut zalantzarik. Festa zabaltzeko dugun rol nagusi hori aldatu nahi zuten askok, baina gure erabakiak gauzak bere lekuan utzi zituen».
«Politikarien jarrera harritu egiten nau», azaldu du; «alderdi batekoak eta bestekoak elkartean elkarrekin afaltzen barrezka ikusi ditudanean ez dut jakin izan zer pentsatu», dio harriturik. «Nik ez dut gustuko politika, baina karguak behartu egiten zaitu batekin eta bestearekin egoten. Orain ere zer egin behar genuen Patxi Lopezekin? Ba gonbidatu; ez al da ba lehendakaria? Oraindik ez digu erantzun, eta ez dut uste etorriko denik».
Azken mezu bat ere eman du Juan Mari Abadek: «Gure festa da hau; ongi pasa dezagun denok. Eta ez daudenak, ba pentsa dezagun datorren urtean igual denak elkarrekin egongo garela».
Lekukoa pasatzeko unea Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu