Lekukotasunak

2014ko maiatzaren 13a
10:47
Entzun

Kaltetuen lekukotasunak bildu ditu BERRIAk:

«Langabe eta ikasi ezinik nago; ezin naiz geratu ez aurrera ez atzera»

Silvia Garcia Langabea. 18 urte.

«Gizarte integrazioko goi mailako zikloa egin nahi nuen. Orain ezin dut ezer egin. Lanbide heziketan hasteko aukerarik gabe utzi gaituzte. Lanik ere ez daukat. Beraz, lanik gabe eta ikasi ezinik nago orain. Beste bide batzuen bila hasi beharko dut ikasi ahal izateko; ezin naiz geratu ez aurrera ez atzera. Matematikako proba goitik behera aldatu zuten. Gainera, beste proban, hizkuntzakoan, gehiago sumindu gaitezen edo, testu iruzkin bat eskatu ziguten hezkuntzaren alde positiboei buruz. Gainera, hori. Murrizketak egiten ari dira, ateak ixten ari zaizkigu, eta alde positiboei buruz galdetzen digute azterketan... Ea lortzen dugun zerbait aldatzea».

«Beldurra bageneukan zerbait gertatzeko, eta gertatu egin da»

Unai S. Langilea. 28 urte.

«Bost ariketatik bi-hiru ez genituen eskolan eman; ezberdinak ziren. Hasieran mugatu egin nahi zuten leku kopurua, eta kexatu egin ginen. Azkenean, muga kendu dute, baina bageneukan beldurra horrelako zerbait gertatzeko. Eta gertatu egin da. 15 urterekin utzi nuen eskola. Zorionez lanean ari naiz orain, baina helduen eskolan izena eman nuenean langabezian nengoen. Urte eta erdi neraman lanik gabe, ezer topatzeko esperantzarik gabe. Egoera dagoen bezala, zerbait ikasi, eta ea lana topatzen nuen horrela... Eta ni bezala jende asko dago».

«Badago jendea eskola partikularretara joan dena, ordainduta»

Sonia M. Langilea. 28 urte.

«Ariketa bakarra egin, eta alde egin nuen. Han zeuden irakasleek ere esan zuten ez zegoela emanda, eta kexatzeko. Ikasturte erdian ere saiatu ziren izorratzen. Ez da justua gurekin ordaintzea. Helduen heziketako eskolan ikasi dut, baina badago jendea eskola partikularrera joan dena, ordainduta. Urte osoko prestaketa eta dirua... 40 urteko jendea ere izan dut gelan, langabea. Nik bi ziklo egin ditut erdi mailakoak. Lanean ari naiz, baina enpresan lan gutxirekin gabiltza; jendea bota dute. Ez dakigu zer pasatuko den. Intentzioa nuen azterketa gainditzeko, zerbaitetan izena emateko, lanik gabe geratzen banaiz ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.