Lola Garcia. PAF mugimenduko kidea

«Liburuan, talde bakoitzak egiten du bere historikoa»

Iñaki Etxeleku.
2020ko urtarrilaren 20a
12:27
Entzun

Laster aurkeztu behar luke PAF mugimenduak Ipar Euskal Herriko mugimendu feministari buruzko liburua. Taldekideekin parte hartzen du argitalpen lan horretan Lola Garciak (Baiona, 1985).

Zer aurkituko dugu liburuan?

Hastapenean, ez genuen liburu bat egin nahi, baizik eta liburuxka bat. Bildu genituen Iparraldeko talde feministak; gaur egungoak eta iraganekoak. Biziki interesgarria zenez dena, liburuxkaren formatua pixka bat amateurra zen, eta nahi izan dugu zerbait politagoa eta seriosagoa aurkeztu. Entzun ditugu istorio bikainak; guk ere deskubritu dugu Ipar Euskal Herriko feminismoaren historia bat.

Zenbat talde galdekatu dituzue eta zer kontarazi diezue?

Hamar bat. Biziki zabala izan da: noski, bada Emazteek Diote, Zutik, Brigada Ubela, Aitzina… baita Les Basquelles eta Andere Nahia ere. Patxa mugimenduko emazte batzuk ere jin dira. Frankismo garaian etortzen ziren emazte batzuk alde honetara abortatzera, eta bazen talde bat muntatu zena; segitu zuten gero Hegoaldeko emazte errefuxiatuei harrera egiteko. Barnealdean ere izan dira mugimenduak 1970eko hamarkadan haurtzaindegiak sortzeko. Ohartu gara betidanik izan direla feministak. Bagenekien, baina ontsa zen denboran kokatzea. Talde bakoitzak egiten du bere historikoa liburuan. Zergatik mugitu diren, zer zituzten erronkak, garaipenak. Zergatik desagertu diren, hala izan bada, edo segitu duten beste molde batean.

Bakoitzaren kontakizunetik egituratu duzue liburua?

Bai. Ipar Euskal Herrian bada talde feminista anitz, eta nehor ez da ari bestearen kontra. Ontsa zen erakustea talde bat borrokatu zela gehienbat arlo batean; bakoitzak badu bere nortasuna eta elkar osatzen dugu. Izanen da argazki anitz, gainera. Lan bat egin dugu artxiboko argazkien ateratzeko, eta atzeman ditugu perlak.

Zer hizkuntzatan da liburua?

Talde bakoitzak nahi zuen hizkuntzan egin du aurkezpena, eta guk itzulpena egin dugu. Izanen da gauza bera euskaraz eta frantsesez. Sarrera eta ondorioak gure esku ziren borobiltzeko.

Gabriel Duplantierren argazki erakusketa ere antolatu duzue.

Bai, orain mediatekara joanen da, eta biziki arrakastatsua izan da. Ibilbide pertsonalak dira agertzen. Bakoitzak bere ibilbidea kontatu du. Erakusketan, beraz, bada ikusteko eta entzuteko.

Zertan da PAF mugimendua?

Ospatu ditugu hamar urteak liburu, erakusketa, kontzertu gaualdiarekin, eta berpiztu gara. Oraindik hor gara, eta motibatuak. Talde polita dugu, berri batzuk sartu dira, eta ontsa da, ikuspuntu berriak ekartzen baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.