Loiolako agirietako mamia hitzez hitz proposatu dio Ibarretxek Zapaterori

2008ko maiatzaren 10a
13:05
Entzun
IMANOL MURUA URIA

EAJk, PSE-EEk eta Batasunak Loiolako negoziazioak hautsi aurretik landutako zirriborroko mamia hitzez hitz bere egin du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko lehendakariari elkarrizketarako abiapuntu gisa bidali dion dokumentuan -osorik, hurrengo orrialdean-.

Ibarretxeren asmoa bi gobernuburuek itun politikoa egitea da, bidali berri dion agiri irekian oinarrituta; ekainaren 27an Eusko Legebiltzarrak oniritzia ematea hitzarmen horri; eta, azkenik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek urriaren 25eko galdeketan berrestea akordioa, hortik aurrera euskal alderdi politikoek esparru juridiko-politiko berrirako negoziazioak has ditzaten, esparru berria 2010ko erreferendumean berresteko helburuarekin.

Horrenbestez, Euskal Herriari osotasunean naziotasuna aitortuko liokeen eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aitortuko lukeen itun politikoa sinatzeko proposatuko dio Rodriguez Zapaterori, negoziaziorako abiapuntu gisa, hilaren 20an egingo duten bileran. Loiolako testuetan jasotako eta Ibarretxek bere egindako oinarrien arabera, «Estatuko instituzioek» euskal herritarrek beren etorkizun politikoari buruz erabakitakoa errespetatzeko konpromisoa hartu beharko lukete, eta ordenamendu juridiko berriak «proiektu politiko guztiak» gauzatzeko aukera jaso beharko luke, betiere legezko prozeduren bitartez. Gainera, euskararen ofizialtasuna Hego Euskal Herri osora zabaltzeko konpromisoa hartuko lukete itunaren sinatzaileek, baita EAEren eta Nafarroaren artean Organo Instituzional Bateratua sortzeko eta euskal herrialdeen arteko euroeskualdea osatzeko ere.

LOIOLAKO ONDAREA. Oinarri hauek guztiak EAJk, PSE-EEk eta Batasunak ETAren su-eten garaian Loiolako santutegian egindako negoziazioetan hitzartutako zirriborroan jasotakoak dira. Negoziatzaile nagusiak Josu Jon Imaz, Iñigo Urkullu, Jesus Egiguren, Rodolfo Ares, Arnaldo Otegi eta Rufi Etxeberria izan ziren. Zirriborroaren gainean behin-behinean lortutako adostasuna hautsi egin zen, ordea, Batasunak erantsi nahi zituen «zehaztapenak» onartu ez zituztenean beste bi ordezkaritzek. Egigurenek gerora azaldu duenez, bakea lortzeko ahalegin hartan «bere logika» izan zuten Loiolako negoziazioek, «baina terrorismoa ez badugu bukarazi behar, Loiolan hitz egindakoak politikoki baliagarria izateari uzten dio».

Ibarretxek orain Rodriguez Zapaterori bidali dion proposamenean hitzez hitz jaso ditu zirriborro hartako oinarriak, baina ez da horretara mugatzen. Itun proposamenak lau puntu ditu: hirugarren puntuan jaso ditu normalizazio politikorako akordiorako oinarriak -Loiolako zirriborroko edukiak-, eta beste hiru puntu askoz laburragoetan bere ibilbide orriko oinarri lehendik jakinak jaso ditu. Batetik, «konpromiso etikoa»; ETAren indarkeriaren bukaera elkarrizketaren bidez lortzen saiatzeko konpromisoa, alegia. Bestetik, «konpromiso demokratikoa», edo euskal herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatzeko konpromisoa. Eta, azkenik, itun politikoa onartzeko konpromisoa, Eusko Legebiltzarraren onarpenaren eta urriaren 25eko galdeketaren bidez.

Agiriaren izenburuak berak dio proposamena «irekia» dela: Proposamen irekia Bizikidetzarako Itun Politikoa egiteko, Espainiako Gobernuko presidenteak eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak onarturik. Eta Juan Jose Ibarretxek berak herenegun gauean azpimarratu zuen atal guztiak direla aldagarriak: «Lauki guztiak betetzear daude».

Rodriguez Zapaterok zer erantzun emango dion Maria Teresa Fernandez de la Vega gobernu bozeramaileak aurreratu du: Ibarretxek berriro «bere plana» ateratzen badu Espainiako Gobernuak «ezezko argi eta biribila» emango diola esan zuen atzo, eta autonomia estatutuen erreformak «Konstituzioa zorrotz errespetatuta» baino ezin direla gauzatu.

Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentearen iritziz, Ibarretxeren proposamena lekuz kanpo dago, Nafarroari dagokionez, eta «kortesiaz» ez jokatzea leporatu dio, Organo Komunari buruzko proposamenaren berririk ez diolako eman Rodriguez Zapaterori proposatu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.