Lopez: "Non dago Ibarretxe?"

2008ko apirilaren 16a
18:33
Entzun
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, "lotsagarria" da Eusko Jaurlaritza Arrasateko (Gipuzkoa) balizko zentsura mozioa dela-eta sortu den "eztabaida politikotik bere kabuz at" egotea, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariari gaiaz hitz egiteko eskatu dio, "hura delako herri honetan horretaz hitz egin ez duen bakarra. Beraz, dagoeneko ozen galdetu beharra dago: non dago Ibarretxe?".

Hain justu, hilaren 24an izango da EAE-ANVko alkateari eta zinegotziei dimisioa eskatzeko udalbatzarra Arrasaten. Ondoren aurkeztuko lukete zentsura mozioa. PSE-EE, EAJ eta PP zentsura mozioa babestearen alde daude. EAk ere babestuko luke, denek hala eginez gero. Aralar kontra dago. Oraingoz, EB-Zutik ere bai -bere hiru botoak erabakigarriak dira-.

ETAk Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi izandakoa hil ondoren alderdi batzuek "espektakulu tamalgarria" eman dute Lopezen ustez, "demokrata denok bat eginda egon beharko genukeenean". "Izan ere, eztabaida hau irizpideei, etika politikari, duintasun demokratikoari eta gizartearen aurrean erakutsi beharreko pedagogiari buruzkoa da. Bere herriko bizilagun baten hilketa salatzen ez duenak [Ino Galparsoro EAE-ANVko alkateak], ez dauka zilegitasunik herri honetan politika egiteko", esan du gaur PSE-EEko idakzari nagusiak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.

Beste alde batetik ere jo du Lopezek Ibarretxeren kontra: arlo politikoan. "[Espainiako] Gobernuko presidentearekin akordioa lortu nahi du, eta dena jarri du horretara. Baina huts egiten du Ibarretxek, Zapaterorekin ez duelako akordiorik lortuko, aurretik ez badu euskal sozialistekin lortzen".

Hain zuzen, PSE-EEko zuzendaritzak atzo Jaurlaritzako lehendakarigai izendatu zuen Lopez bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.