Iaz Madrilen izan ziren atentatuez aritu dira gaur goizean, politikariak, Euskadi Irratian ostiralero egiten duten solasaldian. Atentatu horiek Euskal Herriko gatazkan eraginik izan ote zuten aztertzen hasi dira, eta denek esan dute baietz.
PSE-EEko Ramon Etxezarretak hartu du hitza lehenik eta behin, eta jendeak egin zuen hausnarketa azpimarratu du. Hark esan duenez, atentatuek jendearengan indartu egin zuten "bortizkeriarekin inolako zerikusirik ez izateko" nahia. "Bat erail, bi erail, 10 erail, edo 100 erail, helburua ahalik eta minik handiena egitea da batzuetan, eta mina egiten hasitakoan, kontzientzia hartzen da. Zentzu horretan, jendea nahiko ahulduta utzi zuela uste dut, bortizkeriarekin zerikusirik eduki nahi ez izatea sendotu egin zen eta bortizkeria gaitzetsi, mesprezatu edo arbuiatu zuen jendeak".
EAJko Markel Olanok esan du, "Espainiako gizartean eta Madrilgo herrian eman zen erreakzioa garrantzitsua" izan zela. Bere iritziz, martxoaren 14an izan ziren Espainiako hauteskundeetako emaitzak ere "irakurketa berezia du". Gizartearen erreakzioa "oso heldua" izan zela azpimarratu du. "Horrelako ekintza bat egiten denean publizitatea eta akzio-erreakzio espiral bat bilatzen dela uste dut. Nolabait esateko, beste muturraren, PPren eta eskuin muturraren erreakzioaren bila doa ekintza hori, eta nik uste dut kontrakoa gertatu zela. Muturreko jarrera horiek indartu beharrean, gizartearen erreakzioa oso heldua izan zen". Erreakzio horrek ondorioa badu Olanoren iritzian, izan ere, bere iritzian, "argi geratu da mutur muturreko ekintzak eginda ere ez dela norberaren helburua betetzen". Horrek edozein "terrorismori" eragingo ziola esan du, "eta baita ETAri ere".
EAko Onintza Lasak ere, Olanoren bide berari jarraitu dio. "Jendearen erreakzioa 'horrelakorik ez' esatea izan da. Sentsazio hori azaleratu egin da, herritar guztiengan". Azpimarratu duenez, munduan gatazkak daudenean "oinarrian injustizia edo desoreka bat dago, baina gauzak ezin dira horrela konpondu".
Batasuneko Pernando Barrenak hartu du hitza gero. ETAk egin zuen hausnarketa zein den jakiteko oraindik goiz dela uste du, baina, hala ere, praktikan aldaketak ikusi direla dio. "Urte honetan borroka armatua beste parametro batzuetan kokatu dute, faktore askok. Ez M-11n gertatutakoa bakarrik, baita Espainiako Gobernu aldaketak ere. Ez dezagun ahaztu urtebete honetan, Euskal Herrian bizitza politikoak zer eman duen. Gauza onak eta txarrak eman ditu, baina asko eman du. Azken urtean ETAren jarduera borroka armatu zehatz batera mugatu da, nere ustez, presentzia eta ahalmena erakustera. Nik uste dut, intentzioa bazegoela mota bateko kalteak ez egiteko".
Bestalde, esan du, "bigarren maila batean" ez dituela inoiz ahaztuko, "eragile ezberdinen erreakzioak". "Batzuek jakin izan zuten mailan jokatzen, eta besteek bide erraza hartu zuten, gezurrarena". Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Juan Jose Ibarretxeren hitzak gogorarazi ditu, "ezker abertzalearen kontrako diskurtso bortitzarekin". Aralarren erreakzioa ere "mingarria" izan zela esan du. Bestalde, EAk zuhurtziaz jokatu zuela esan du. Ezker abertzaleak ere "zuhurtziaz" jokatu zuela azpimarratu du, eta bere iritzian, "sinesgarritasun erabatekoa" erakusten du horrek.
Politikarien solasaldia
M-11ko atentatuek eragina izan zuten Euskal Herriko gatazkan, politikarien iritzian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu