M-13ko amnesiarentzat botika

2007ko abenduaren 18a
16:45
Entzun
Joxerra Senar (Iruñea) (2007-03-11)

Atocha, El Pozo, Santa Eugenia... 2004ko martxoaren 11ko atentatu lazgarriak gertatu zireneko geltokien izenak betirako iltzatuak geratu dira taldeko oroimenean. Hala ere, izan zen tragediaren trena gelditu zeneko beste geltoki bat. Bi egun geroago, Iruñeko Donibane auzoan, Valeriano de la Peña poliziak eta haren seme Miguelek Angel Berrueta hil zuten. Komunikabide askorentzat, hilketa hura Madrilgo atentatuen eta Espainiako hauteskundeen zurrunbiloan galdu zen. Amnesiaren aurka, Donibaneko bizilagunek dokumental bat egin dute, Eguzki Bideoak elkarteak ekoitzia.

“Proiektua duela bi urte hasi zen”, azaldu dio BERRIAri dokumentalaren ekoizpenean parte hartu duen David Esparzak. “Beste kasu batzuk amnesia kolektiboan sartu zirela ikusteak beharra sortu zuen, ahalik eta jende gehienak ezagutzeko; horrelako beste kasu bat gerta ez dadin, eta gertatuz gero, salaketa ozen egin dadin”.

Bideoak Madrilgo atentatuan du abiapuntua. Hiru urteotan, gertaeren zein Auzitegi Gorenak iazko abenduan Pilar Rubio poliziaren emaztea errugabetzerainoko prozesu judizialaren kontakizuna egiten du. 40tik gora elkarrizketa tartekatzen dira: Donibaneko bizilagunena, senideena, politikariena, kazetariena, prozesu judiziala aztertzen duten jurista eta abokatuena... 65 minutuko narrazioan, Jon Maia, Xabier Silveira eta Estitxu Arozena bertsolariek eta Fermin Muguruza eta Afrika musikariek ere parte hartu dute.

Dokumentalak Donibaneko bizilagunek hilketa nola bizi zuten erakutsi nahi du. “Hasieratik, modu traumatikoan bizi ziren egun haiek. Angelen heriotza baino lehen oso nahastua zegoen giroa, Euskal Herriko beste bazterretan bezala”, azaldu du Maribel Astiz Donibaneko bizilagunak. ETAren ildoari irmo heldu zion PPren gobernuak eta egoera hartan gertatu zen hilketa. Pilar Rubiok ETA ez zioen kartela jarri nahi izan zuen okindegian. Berruetak ukatu egin zion; Rubio etxera igo, eta handik gutxira Miguel semea eta Valeriano senarra jaitsi ziren. Labankadaka eta tiroz hil zuten.

“Oso larria izan zen”, dio Astizek. Berria berehala zabaldu zen auzoan. “Jakin orduko joan ginen sendiarengana, baina etxean, tanatorioan edo kanposantura bidean poliziaren jazarpen handia jasan genuen. Frankismo garaikoa zirudien. Oso ezaguna zen Angel, gizon atsegina. Auzo hau oso txikia zenean ere bere denda hor zegoen. Ezin genuen sinetsi, “baina nola Angel?”. Ezintasuna ikaragarria zen, ezin geniolako familiari lagundu, eta poliziaren erantzuna bortitz-bortitza izan zelako”.

Astizek BERRIAri egindako testigantzaren modukoak ageri dira bideoan. Ez da hor amaitzen, auzian, Javier Muñoz fiskalak behin argudiatu zuelako hilketa “bizilagunen arteko liskar bat” baino ez zela izan. “Tesi horrekin hilketaren kutsu politikoa kendu nahi zen. Azkenean, Rubio errugabetu dute, erruduntzat joz gero, argi geratuko zelako PPren ardura; gobernuak sortutako sumin giroak indarrak eman zizkiola seme eta senarrarekin Angel hiltzera joateko. Zigortu izan balute hilketa eragiteagatik, PPk sortutako giroaren ondorio izan zela jauzi logikoa egin liteke auzitegietan ere, eta hori moztu nahi izan zuten”, arrazoitu du Esparzak.

Arnaldo Otegi, Patxi Zabaleta, Gemma Zabaleta eta Jaime Ignacio del Burgo ageri dira, besteak beste, bideoan; eta denek, Del Burgo barne, hilketa “arrazoi politikoengatik” izan zela nabarmendu dute. “Valeriano de la Peña Del Burgoren bizkartzaina zen, eta Del Burgok aipatzea arrazoi politikoengatik izan zela desmontatu egiten du fiskalaren tesia”.

Abokatuek eta juristek luze iraun duen prozesua azaltzen duten dokumentalean. “Donibaneko auzokideentzat argi geratu zen justizia ez dela bera denentzat, eta erruduna edo biktima nor den, bi aurpegi dituela”, dio Esparzak. “Herriak egin du epaiketa”, gaineratzen du Astizek. “Eragile politikoen moralitate bikoitza ere salatu nahi da, Angel hil eta inork ez zuelako minutu bateko lanuztea eskatu, beste hilketa politikoetan bezala. Gainera, salatzera irten zirenak bortizki erantzun zituzten”.

Berruetaren sendiak jarraitzen du herio mehatxuak eta irainak jasotzen, eta poliziek zein udaltzainek omenezko ekitaldiak oztopatzen dituztela salatzen dute auzokideek. Esparzak aitortzen du bideoa egiteko arrazoien artean, Berruetari “merezi duen omenaldia” egitea dela, “hiru urteotan Angelekin zerikusia duten ekimenak errepresio bidez ixilarazi nahi izan dituztelako”.

Tunelik beltzenean argi apur bat badelako, Astizek sendiaren duintasuna goraipatu du, hilketaren eta mehatxuen gainetik, “erakundeetatik deus jaso gabe”, zutik jarraitu duelako: “Sendiak dio eskerrak lagunduak sentitu direla, bestela ez zutela aurrera egingo”. Horregatik ere, Esparzaren ustez, “txapela kentzeko modukoa da Donibane auzoaren jarrera”. Bideoa da guzti horren isla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.