Madina larri dago, baina bere bizia ez dago arriskuan

2004ko uztailaren 12a
17:53
Entzun
Julen Madina korrikalari hernaniarrari bost adarkada eman dizkio zezenak, tunelean. Zezen-plazako kirofanoan bertan ebakuntza egin diote erietxera eraman baino lehen. Angel Hidalgo medikuak esan duenez larri dago, baina bere bizitza ez dago arriskuan. Eskuineko ipurmasailean bi adarkada ditu, ezker iztarrean beste bi eta bostgarrena eskubiko besaurrean. Adarkadadun beste korrikalari bati ere zezen-plazako erizaindegian ebakuntza egin diote.

Nafarroako erietxera bi lagun eraman dituzte adarkadarekin: G.G. 56 urteko iruindar bat eta I.N.A. 25 urteko gazte bat. 56 urtekoak bi adarkada ditu eskubiko belaunean; gazteak berriz bat, ipurmasailean.

Virgen del Camino erietxean adarkada jaso duten lau lagun hartu dituzte. 24 urteko parisdar bat, adin bereko katalan bat, 29 urteko barañaindar bat, eta 26 urteko estatubatuar bat.

Kolpeak zituzten beste 10 lagun ere eraman dituzte erietxeetara.

33 urte entzierroak korritzen

Julen Madina oso ezagun egin da Iruñeko entzierroen korrikalari moduan. 50 urteko hernaniarrak 33 urte daramatza sanferminetan entzierroa korritzen eta orain arte ez du inoiz zauri larririk izan. Aurten EITBrako entzierroak komentatzen ibili da, harik eta gaur zezenak harrapatu duen arte.

Madina Unibertsitatean irakasle da Hezkuntza Fisikorako eta Kiroletako Goi mailako Teknikaria karreran. Arte martzialen (Jiu-Jitsu) irakasle ere bada . Horrez gain kirol arriskutsu asko egin ditu, hala nola, raftinga edota parapentea. Gehien gustatzen zaion arrisku kirola, bere webgunean dioen moduan, entzierroak korritzea da.

Iruñeko entzierroa 1971n korritu zuen lehen aldiz, handik hona 33 urte egin ditu Sanferminetan korritzen. Iruñeko entzierroez gain, Tafallan beste hainbeste urte eman ditu entzierroak korritzen eta San Sebastian de Los Reyes –en, Espainian, beste 15 urte entzierroetan korrika egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.