2012ko azaroa eta 2014ko urtarrila bitartean 250 sexu eraso zenbatu ditu Egipton IFHR Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak. Sexu jazarpena da emakumeek herrialdearen trantsizio politikoan parte hartzeko duten oztoporik handiena, horren arabera.
Gainera, salatu azken gobernuek ez dutela ezer egin egoera aldatzeko; are, "zigorgabetasunez" egiten direla plazaratu du. Horrek halako kasuak errepikatzea ahalbidetzen duela adierazi du Karim Lahidji IFHR-ren presidenteak, eta ondorioz, gizartean emakumeen aurkako indarkeria banalizatzea dakarrela. Emakumezko manifestarien aurkako indarkeria "historia luzea duen arazo sistemiko" baten modurik "ikusgarriena" dela dio erakundeak: jazarpen fisiko eta hitzezkoa jasaten dituzte garraio zerbitzuetan, lantokietan eta bestelako leku publikoetan.
Federazioaren arabera, maiz emakumeei egozten diete egoera horiek eragitea maila sozial guztietan, bai senideen aldetik, bai instituzioen aldetik. Horrek, eta "lotsak", jasaten dituzten emakume askok erasoak ez salatzera bultzatzen ditu. Eta egiten dutenen kasuan, agintariek ez dituzten sinesten edo erasoen larritasuna arindu ohi dute, federazioak zabaldu duenez.
Emakumearen Egiptoko Kontseilu Nazionalak zabaldutako datuen arabera, galdetutako emakumeen %51,6k baieztatu du hitzezko jazarpena jasan dutela; %32ak baieztatu du ukitzeak edo bestelako ekintza fisikoak egin dizkietela eta %12ak bortxaketak edo bahiketak jasan dituztela.