D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketako auzipetuek eta abokatuek gaur jakin dute zein izango diren epaileak: Manuela Fernandez ari da epaimahaiburu lanetan, eta Ramon Saez Valcarcel eta Nicolas Poveda dira beste bi epaileak.
Auzitegiak joan den urtarrilean epaiketa hasteko ordua finkatu ondotik, Javier Gomez Bermudez zigor salako orduko presidentea zen epaimahaiburua izatekoa, baina otsailetik ez dago kargu horretan —eta auzitegiko lehen ataletik kendu egin zuten—, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Fernando Grande Marlaska hautatu zuelako presidente. Ondorioz, jakina zen Bermudez behintzat ez dela izango mahaiko burua D3M-Askatasunaren epaiketan.
Egunkaria-ren eta Udalbiltzaren epaiketetan Fernandez eta Saez Valcarcel epaimahaian izan ziren —buru Gomez Bermudez izan zen—. Bietan epaia absoluzioa izan zen.
Fiskala Vicente Gonzalez Mota da.