Ederki hasi zuen astelenean Maria Quintanal tiratzaile bizkaitarrak Olinpiar Jokoetako jarduna: zilarra eskuratu zuen trapeko proban. Gaur, ordea, guztiz aldrebestu zaizki gauzak, trap bikoitzean, bere espezialitatean, finaletik kanpo geratu baita. 97 puntu baino ez ditu eskuratu Quintanalek, eta azkenaurreko sailkatu da. Bera zen trap bikoitzean urrea irabazteko faborietako bat, baina gaizki aritu da. Azaldu duenez, urduritasunak ez dio behar bezala lo egiten utzi, eta, batik bat, buruko nekearen zama nozitu du.
Oso urduri zegoela aitortu du Quintanalek; ezin izan duela lo egin, eta nekatuta sentitzen zela: fisikoki nekatuta, baina, batik bat, burua sentitzen zuela akituta. "Okerreko hankarekin jaiki naiz, eta eguzki zoragarria egiten zuen arren, haizea falta nuen. Ez da nire eguna izan. Ezin izan dut erlaxatu, urduri bainengoen", adierazi du tiratzaile bizkaitarrak finalean sartzeko aukera guztiak galdu ondoren.
Hala ere, oro har, Olinpiar Jokoetan egindako lanarekin "gustura" dagoela nabarmendu du, hain justu, trap modalitatean zilarrezko domina irabazi zuelako.
Etorkizunera begira ez dakiela tiro probetan parte hartzen segituko duen edo eskopeta behin betiko gordeko duen esan du Quintanalek.
Atenasko 2004ko Olinpiar Jokoak
Maria Quintanal bizkaitarra trap bikoitzeko finaletik kanpo geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu