'Euskal herritar Unibertsal' saria Martin Ugalderi

‘Martin Ugaldek bere herria helburu’

2003ko irailaren 10a
15:34
Entzun
`Martin Ugaldek bere herria helburu' goiburu hartuta, Andoaingo idazle eta kultur-gizonari buruzko jardunaldiak egin ziren 2001eko azaroan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Hainbat idazle eta bestelako kultur eragilek parte hartu zuten haietan. 'Egunkaria'-k jardunaldi haien kariaz argitaratutako artikulu sorta da honakoa:

UGALDEREN "LEIALTASUN PITZADURARIK GABEA" GORETSI DU ANJEL LERTXUNDIK

Venezuelatik itzulita, «sasoi literario onenean», literatur hizkuntza aldatu eta euskarari lotu zitzaiola gogoratu zuen

Juan Luis Zabala/ANDOAIN

Herenegun Txomin Peillenek bezala, Anjel Lertxundik ere goraipamen handiak egin zituen, atzo, Martin Ugalderen literaturari buruz, Martin Ugaldek bere herria helburu jardunaldien barruan egin zuen hitzaldian. «Badira bide zuzen askoak inora eramaten ez dutenak, Ugaldek berak bere ipuin batean esana», adierazi zuen Andoainen eman zuen hitzaldiko une batean. «Horregatik edo, bere lan literarioak ez die tokirik ukatu sentimenduei, eta guztiz bat nator Txomin Peillenek herenegun esan zuenarekin: ‘sentimendu onekin liburu onak egitea lortu du Ugaldek’».

«Ugalderen ibilbide literarioan kazetaritza eta literatura lan beraren bi jardun mota dira», Lertxundiren ustez. «Narratzen ari denean ez ditu kazetariaren jarioa eta begirada zorrotza baztertzen, eta kazetaritzako lanetan, berriz, beti du hizkuntzarekiko begirune berezia, dotoreziaren ukitua».

Haurtzaroan Ugalde Salgariren irakurketek harrapatu zutela gogoratu zuen Lertxundik; eta ondoren, artean nerabe zela, Victor Hugoren Miserableak irakurri ostean, idazle izan nahi zuela erabaki zuela; Gallegos, Pocaterra, Meneses, Diaz Sanchez, Uslar Pietri, Alejo Carpentier, Horacio Quiroga, Jorge Luis Borges, Anton Txekhov, Guy de Maupassant, Daudet, Edgar Allan Poe eta Salinger ere gustuko idazleak izan zituen Ugaldek.

Zerrenda horrek ipuingintzarako joera erakusten duela nabarmendu zuen Lertxundik. «Ugaldek ipuinak izan ditu gogoko, eta ipuinen artifiziotik asko dute haren eleberriek ere», hizlariaren aburuz. Ugalderen Iltzaileak ipuin liburua «euskal ipuin modernoaren aitzindaritzat» izan du beti Lertxundik.

Ugalderen «Venezuelaratzeko» modua

«Gaztelaniaz idatzi zituen literatur lanen irakurlearentzat, harrigarria da Ugalderen Venezuelaratzeko modua», adierazi zuen Lertxundik, idazle omenduak Venezuelan egindako literaturari eskainitako atalari ekin ziolarik. «Gaztelania bertakotua du, eta bertakotua begirada. Ez da idazle espainol bat Venezuelako erbestean ere bere betiko espainolez idazten duena; gaztelaniaz ari denean, idazle latinamerikarra da Ugalde, Venezuelako hizkuntza ikasi eta bere haragi literarioaren haragi egin duena».

Hegoamerikarren literaturaren indarra bi zibilizazioek emana zela jabetu izanak lagundu zion bide hori aukeratzen Ugalderi, Lertxundik atzo esan zuenez. «Sentiberatasun berezia behar da bertakoen hizkerarekin bertakoen sufrimendua deskribatzeko».

Venezuelatik Euskal Herrira itzulitakoan, Ugaldek idazle gisa bizi behar izan zuen «barne borroka» ere aipatu zuen Lertxundik; «sasoi literario onenean», literatur hizkuntza aldatzeko erabakia hartu baitzuen Ugaldek.

Ama-hizkuntzaren altzora

«Hizkuntza aldatzen duten idazle gehienek Martinek ez bezalako hautamena egiten dute, fama, oihartzun zabalagoa, onarpen soziala, dirua emango dien hizkuntzaren aldekoa, alegia. Martin bere ama-hizkuntzaren altzora bildu zen ama-lurrera itzuli bezain aise. Martin leiala izan da bere buruarekin, leialtasunaren historia pitzadurarik gabea da bere bizitza osoa».

Eguartean ere izan zen hitzaldirik Martin Ugalderi buruzko jardunaldietan: Jose Angel Askuntze Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Monica Jato Hampshireko Unibertsitateko irakaslea, Antonio Chicharro Granadako Unibertsitateko irakaslea, Jon Kortazar Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, eta Xabier Apaolaza Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Hamaika Bide elkarteko kidea aritu ziren, Donostian, Deustuko Unibertsitateko Humanitate Fakultatean.

Herriaren omenaldia Andoaingo Udaletxean

Gaitz baten ondorioz agertzerik izan ez bazuen ere, Martin Ugalderi omenaldia eskaini zion atzo arratsean Andoain herriak, Lertxundiren hitzaldia bere baitan hartu zuen ekitaldiarekin. Martin Ugalde ipuin lehiaketako sari banaketa ere egin zen ekitaldi horretan, Andoaingo Udaletxeko batzar aretoan. Aretoa (argazkian ikusten den moduan) jendez beterik egon zen. Ekitaldi horrekin amaitu ziren Martin Ugaldek bere herria helburu jardunaldiak.

NARRATIBA

Zazpi ezaugarri nagusi

Martin Ugalderen narratibaren ezaugarri nagusiak laburbildu zituen bere hitzaldian Anjel Lertxundik:



Bi zirriborro azkar, eta girotze lan zehatz batez iraungo duten flash dirdaitsuak sortzea.



Tempus

labur baten altzoan kontzentraturik dauden elementu singleekin mundu bat eraikitzeko dohaina.



Testua eleberri batean ez bezala eta ia poema baten antzera gidatzeko sentiberatasuna.



Gertakarien kontakizun ahalik estilizatuenarekin bat-bateko eztanda eragin eta eztandaren efektu anplifikatuarekin irakurlea harrapatzeko abilezia.



Baliabideak ekonomizatzeko zuhurtasuna.



Historia luze bat laburbiltzen duen une esanguratsuena polaroid batean bezala harrapatzeko egokitasuna.



In praesentia

baino in absentia hobeto funtzionatzen duten elementuen erabilera iradokizunez betea.



TXOMIN PEILLEN: "SENTIMENDU ONEKIN LIBURU ONAK EGITEA LORTU DU UGALDEK"

XX. mendeko euskal idazlerik handienetakoa da, hizlariaren ustez, egunotan omendutakoa

Juan Luis Zabala/DONOSTIa

«XX. mende azkeneko euskal prosista handienetan» kokatu zuen atzo Martin Ugalde Txomin Peillen idazleak, Hamaika Bide elkarteak eratutako Martin Ugaldek bere herria helburu izeneko jardunaldien barruan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean eman zuen hitzaldian, eta Ugalde irakurtzea ez dela inondik ere aspergarria esanez azpimarratu zuen ideia hori.

Peillenen ustez, komenigarria litzateke «hobeki ezagutua izan dadin Ugalderen obra, eta batez ere gazteek irakur dezaten, berriz argitaratua izan dadin, ezen ez baldin badakigu nondik gatozen laster ez dakikegu nora joan».

«Funtsari dagokionez, lortu du gutxitan erdietsi dena», esan zuen Peillenek, Ugalderi buruz mintzo: «Sentimendu onekin liburu onak egitea. Egia da, gaiak hala bultzaturik, baztertuak pertsonaiatzat harturik melodramaren mugan dagoela, baina hizkuntzaren kontrolak eta egokitasunak ez dio irakurle onari irribarrerik eragingo».

«Martin Ugalde izango da euskal idazleetan bihotz minberena», Txomin Peillenen iritziz. «Bere eskarmentuz, berdintasunera hurbiltzeko bestea errespetatu behar dela ulertu du, eta horretarako ere, guztien gainetik hain gora edukitzen den sexu garapenaren gainetik, jendeak besteengandik, umetatik hasita —Mohameden kasuan bezala, edo Pedrotxorenean— beharrezkoena bihozberatasuna, kariñoa, samurtasuna dela. Martin Ugaldek jendeak maite ditu eta apalduak maiteago».

Gerra aurreko idazleekin haustura: manikeismorik eza

«Gerra aurreko idazleekin den haustura handiena manikeoa ez izatea da Martin Ugalderen obran», Txomin Peillenen ustez. «Martin Ugalde gure gainetik dago, ez bakarrik bizitasunean, alderdi batekoa zela bazterturik lekukotasun objektiboa eman digulako», aitortu zuen Peillenek, eta baita Ugalderen nobeletatik asko ikasi duela ere.

«Jon Mirandek eta Gabriel Arestik euskal literaturan 1950-1960 arte modernitatearen bideak urratu zituzten», adierazi zuen Peillenek, «eta hurrengo hamarkadan, 1960tik 1970era bitartekoan, Martin Ugalde osoki sartua ageri zaigu eta hamarkada horretako idazle handienen artean bere lekua hartu du».

Ugalderen literaturaren balioaz mintzatu aurretik, haren idazkeraren hainbat alor aztertu zituen Peillenek: ereduak —Orixe, Resurreccion Maria Azkue, Jon Mirande eta Koldo Mitxelena aipatuz—, gaiak eta giroak, pertsonaiak, lekuak, bidaiak eta trenak, kontatzailea, hizkuntza eta hizketa erabilerak, idaztankera, hiztegia... Zehaztasun handiz mintzatu zen Peillen, Ugalderen hainbat obratatik ateratako pasarteak aipatuz.

Txomin Peillenek arratsaldez egin zuen bere saioa, baina eguartean ere izan zen hitzaldirik Martin Ugalderi buruzko jardunaldietan. Txuma Lasagabaster Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Pilar Rodriguez Columbia Unibertsitateko irakaslea, Iñaki Beti eta Larraitz Ariznabarreta Deustuko Unibertsitateko irakasleak, Jose Ramon Zubiaur Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Mari Cruz Rodriguez Kentuckyko Unibertsitateko irakaslea eta Jose Luis Abellan Madrilgo Unibertsitate Complutenseko irakaslea mintzatu ziren, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Humanitateetako Fakultatean.



IÑAKI URIA: HERRITARTASUNAREN INDARRA ETA ARDURA DITU UGALDEREN LUMAK

Idazle omenduaren kazetari lana aztertu zuen atzo EGUNKARIAko kontseilari ordezkariak

Juan Luis Zabala/DONOSTIa

«Martin Ugalde esateko asko duen gizona da», adierazi zuen Iñaki Uria Egunkariako kontseilari ordezkariak, atzo, Donostian, Martin Ugaldek bere herria helburu jardunaldietan egin zuen hitzaldian. «Esateko asko izan eta esan beharrekoak idatzi egin ditu Martinek beti. Esateko idazten duen gizona da. Zerbait esateko daukanak landu beharra dauka, eta Martinek, zerbait egin badu, lana izan da».

Iñaki Uria, Joxemi Zumalabe eta beste batzuekin batera, Egunkariaren sorreran zuzenean parte hartu zuen Ugaldek, eta Egunkariako ohorezko lehendakaria da egun.

Ugalderen kazetari lana aztertuz, haren bizitzaren kronika komentatu bat egin zuen Uriak hitzaldian, Ugaldek berak esanak eta idatziak aipatuz tarteka. «Erabaki asko eta handiak hartu behar izan ditu Martinek», esan zuen Uriak: «Ameriketara joan beharra, klandestinitatean lan isilean aritzea, Euskal Herrira itzultzea, Egunkariaren sorreran parte hartzea...».

Kazetari ofizioari heltzea ere erabaki garrantzitsua izan zen. Salgariren liburuak irakurtzen piztu zitzaion kazetaritzarako sena Ugalderi, gazterik. Venezuelan, Euzko Gaztedi aldizkaria sortu zuen, eta Euzkadi aldizkaria zuzendu. «Gero, auto enpresa batean zuen lanbide segurua utzi zuen Élite aldizkariak egindako eskaintzari baiezkoa emateko, nahiz eta diru gutxiago irabazi», gogoratu zuen hizlariak.

Eguneroko albisteen idazketa presatia baino nahiago izan du Ugaldek erreportajea landu, eta «erreportajearen eta narratibaren arteko zubian egin zen idazle», Uriak atzo, Ugalderen hitzak erabiliz, esan zuenez.



Ugaldek Venezuelan egin zituen 23 urteetan kazetaritza zein literatura arloan idatzitakoa behar bezala aztertu gabe dago, Uriaren ustez, eta unibertsitateak zeregin horri heltzera animatu zituen.

Indarrak batzearen alde beti

«Venezuelan gailurrean zegoen Martin Ugalde Euskal Herrira itzuli zenean, 1969an», azaldu zuen Uriak. Ez zen erraza izan itzulera hura, ezta gero hartu beharreko beste erabaki batzuk ere. Euskal Herrian aurkitu zituen gatazka eta ezinegon guztietan, politikaren alorrean zein hizkuntzarenean, Ugaldek beti batasunaren alde jokatu zuela azpimarratu zuen Uriak, indarrak batzearen alde.

Ugalderen artikuluak «argiak, gezia dianan bezain zehatzak, biziak, sentiberak, sinpleak», dira, Uriaren ustez, «zentzurik zailena adierazten dutenak: herri sena. Apala da, ez harroa; herritarrari zuzentzen zaio, baina ez pulpitutik: berarekin dago. Eta herriaren indarra du bere luman, herritartasunaren indarra eta ardura, herri oso baten zama darakutsa bere lumak».

Uriaren aurretik Xose Estevez Deustuko Unibertsitateko irakaslea mintzatu zen EHUren Filosofiako Fakultateko Areto Nagusian. Galeuska en el exilio y el grupo vasco de Caracas (Exilioko Galeuska eta Caracasko euskaldun taldea) izan zen haren hitzaldiaren izenburua. Uriaren ondoren, berriz, Iñaki Anasagasti eta Joserra Zabala mintzatu ziren.



ARANTZA AMEZAGA: "ARGIZKO GIZONA IZAN DA UGALDE EUSKALDUN ORORENTZAT"

«Aldamio hauskorrean egindako ametsengatik» eskerrak eman zizkion hizlariak omenduari

Juan Luis Zabala / DONOSTIa

Vicente Amezagarekin adiskidetasun handia izan zuen Martin Ugaldek Venezuelan bizi izan zenean, eta adiskidetasun horren bidez ezagutu zuen Ugalde Amezagaren alaba Arantzak, Ugalderen omenez egunotan Donostian egiten ari diren Martin Ugaldek bere herria helburu jardunaldietako atzoko lehen hitzaldia egin zuen idazleak.

Vicente Amezaga 1901ean jaio zen, Ugalde baino 20 urte lehenago. «Espainiako Bigarren Errepublikaren etorrera pozkarioz biziko zuten seguru askorik biek», esan zuen atzo Arantza Amezagak, «baina egitura zaharrak aldatu nahi zituen Errepublika hark bost urte baino ez zuen iraun, eta ondoren nazismoaren hatsa sentitzen hasi zen leku guztietan».

Mahai aurrean bi argazkiren kopia handiak zituen jarriak hizlariak. Haietako batean Vicente Amezaga eta Martin Ugalde, beste lagun batzuekin batera, elkarrekin solasean ageri ziren; bestea Caracasko Euskal Etxearen inaugurazioarena zen, eta Jose Maria Agirre garai hartako Jaurlaritzako lehendakaria ageri zen hizlari. 1950ean egin zen inaugurazio hura.

«Euskaldunak hiru ontzi txikitan heldu ziren Caracasera», kontatu zuen Amezagak: «Kuba, Flandria eta Bretaña ontzietan. Emigrazioko Institutu Nazionalak egin zien harrera, Arturo Uslar Pietri idazlea buru zela. Frankismoak masoi, gorri eta separatista ospea jarria zien arren, harrera ona egin zieten».

«Iritsi zirenean, ez ziren ezer; Euskadiko pasaportea baino ez zuten, Errepublikak babestua, eta ez zen Errepublikarik ere», esan zuen Amezagak. «Mundua gerran zen, eta Alemania nazia ari zen irabazten. Heldu zirenean, Atxuarra Zaharrak txistua jo zien, eta txistuaren eta danbolinaren doinua entzunez jaitsi ziren ontzietatik. Argentinan ere antzeko harrerak egin ziren».

Venezuelan Ugalde kazetari eta idazle lanetan buru-belarri murgildu zela gogoratu zuen Amezagak. «Ugaldek El Nacional egunkariko ipuin sariketa irabazi zuenean, El Nacional Venezuelako egunkaririk garrantzitsuena zen», adierazi zuen Amezagak. «Oso sari garrantzitsua izan zen. Kontuan hartu behar da garai hartan Latinoamerikako literaturaren loraldia hastapenetan zela, eta Gabriel Garcia Marquezek ere, esaterako, El Nacional-en kolaboratzen zuela».

Un real de sueño sobre un andamio (Erreal bat amets aldamio baten gainean) zuen izenburu Ugalderen ipuin sarituak. Izenburu horrek «belaunaldi haren egoera deskribitzen du», Arantza Amezagaren ustez. «Aldamio bat bezain hauskorra zen soka baten gainean bizi ziren. Baina aldamioko gizon hauskorrak amets egiten zuen, eta bere ametsek balio dutena balio du gizon batek, eta areago amets horiek egia bihurtzen baditu. Aldamio kaskar baten gainean bizitzera derrigortua, Ugaldek erreal bat amets opa izan zion bere buruari».

«Euskaldun guztientzat argizko gizona izan da Martin Ugalde», esan zuen Amezagak, eta eskerrak eman zizkion, «aldamio hauskorrean bizirik irauteagatik eta, batez ere, zure erreal bat ametsagatik».

Ugalderen ekimen kulturala laudatu zuen Xabier Leizaolak

Caracasen, Martin Ugaldek idazle, intelektual eta politikari askorekin harremanak izan zituela ekarri zuen gogora atzoko bere hitzaldian Xabier Leizaola kazetariak: Toribio Etxebarria, Vicente Amezaga, Miguel Pelay-Orozko, Jesus Galindez, Andima Ibiñagabeitia...

«Euskal Herrira itzuli zenean, interes handia agertu zuen politika zein kultura arloko argitalpenen inguruan», esan zuen Leizaolak. «Bere liburuak argitaratzeaz gain, hainbat argitaletxeren sorreran ere parte hartu zuen, eta baita Deia egunkariaren euskarazko atalaren sorreran ere. Euskarazko komunikazio masiboan mugarri bat dela esan daitekeena ere ikusi zuen jaiotzen: Euskaldunon Egunkaria. «Egunkari horren jaiotzan eta sendotzean emandako laguntzak ohoratu egiten dute Ugalde», Xabier Leizaolaren iritziz.



Arantza Amezaga eta Xabier Leizaolaz gain, Iñaki Zubizarreta idazlea eta Miguel Salvador arkitektoa ere mintzatu ziren atzo eguartean EHUren Filosofia Fakultateko Areto Nagusian egin zen saioan. Nuestro exilio caraqueño (Caracasko gure exilioa) izan zen lehenengoaren hitzaldiaren izenburua; La ciudad que compartimos (Elkarrekin banatzen dugun hiria) bigarrenarena.

Arratsaldean, berriz, Kepa de Derteano idazlea izan zen hizlari, Koldo Mitxelena kulturunean. Martin de Ugalde: vida y labor de un exiliado vasco en Venezuela izan zen bere hitzaldiaren izenburua (Martin Ugalde: Venezuelan exiliatu baten bizia eta lana).

PASADIZOA

Joxemiel Barandiaran eta Vicente Amezaga, errosarioa errezatzen

Gerra garaiko hainbat kontu ekarri zituen gogora Arantza Amezagak bere hitzaldian, Joxemiel Barandiaran antropologo ezagunak 1981ean kontatu zion bat, horien artean.

Santandertik Donibane-Garazira, kapitain ingeles batek gidaturik, 500 haur eta haien andereñoak zeramatzan ontzian, Vicente Amezaga eta Joxemiel Barandiaran zihoazela kontatu zion Barandiaranek Arantza Amezagari. Canarias akorazatuarekin topo egin zutelarik, ontzi hartako arduradunek bere ontzian gizonik ez al zen galdetu zioten kapitain ingelesari. Ezetz zin egin zuen hark. Kapitain haren jarrera ausartak salbatu zituen Amezaga eta Barandiaran kondena seguru batetik.

«Barandiaranek kontatu zidanez, bera eta gure aita soka batzuen azpian zeuden bitartean», esan zuen Arantza Amezagak, «errosarioa errezatzen euskaraz».



BERNARDO ATXAGA: "DESLEKUA SORLEKU BIHURTU ZUEN MARTIN UGALDEK"

Atzoko hitzaldiarekin jarri ziren abian ‘Martin Ugaldek bere herria helburu’ jardunaldiak

Juan Luis Zabala/DONOSTIa

Martin Ugalde «kontaera laburrean maisu» dela esanez hasi zuen Bernardo Atxagak Martin Ugalderi buruz atzo, Donostian, egin zuen hitzaldia. «Martin Ugalde ez da nobelagile makala, baina oso dohain finekoa da batez ere kontaera laburretan», Atxagaren iritziz. Horretaz «aski berandu» konturatu dela aitortu zuen Atxagak. Ugaldek idatzitako lan bat —Zementoaren ipuina izenekoa— euskaraturik du Atxagak, eta atzoko hitzaldiaren amaieran itzulpen hori irakurtzeko asmoa zuen, baina azkenean, denbora faltaz, ez zuen hala egiterik izan.

Hitzaldia «idazle eta irakurle gisa» eman zuen Atxagak, Gipuzkoako Aldundiko Jargoi Aretoan, Martin Ugalde idazle, kazetari eta Egunkariako ohorezko lehendakariari buruz atzo hasi eta ostirala bitarte, Hamaika Bide elkarteak antolaturik egiten ari den kongresuan.

Ugalderen obraren irakurketatik abiaturik, erbestea hartu zuen mintzagai Atxagak. Bibliako 137. Salmoan eta beste hainbat idazlanetan, erbestearen eta gisako egoera tamalgarrien ondorioetako bat mututasuna izaten dela aipatzen dela ekarri zuen gogora Atxagak, baina horrelako kasurik gehienetan idazleak idatzi egin izan duela.

«Ugalderen kasuan, desterruak eragindako etenak ez zion mututasuna ekarri, hitza baizik», adierazi zuen Atxagak. «Ugaldek deslekua sorleku bihurtu zuen. Eta ez bakarrik sortu egin zuelako: sortzen duena, idazten duena, hazi egiten da, aldatu egiten da, gehienetan onerako: sortu egiten da».

Ugalde adinik okerrenean erbesteratu zela ekarri zuen gogora Atxagak, ez baitzen leku berrira arazorik gabe egokitzeko bezain gazte eta ezta leku berrian sorlekuko ohiturei lotuta sorlekuan bezala bizi ahal izateko bezain zahar.

«Ugalderen obran mundu askotako pertsonaiak daude», azaldu zuen Atxagak aurrerago. «Kaxa handiko idazlea da. Baina, hala ere, han eta hemen lerro batzuk azpimarratzen dira ia beti, euskaldunok gehien behar ditugunak». Ugalderen lana ez dela behar bezain ondo jaso erakusten du horrek, Atxagaren ustez, eta hori euskal literaturak, orain artean behintzat, behar bezalako «erakunde kulturalik edo sistemarik» izan ez duelako gertatzen da.

Ildo horretatik, euskal literaturaren «erresonantzia kaxa» handitu beharra aldarrikatu zuen Atxagak: «Omenaldiak ondo badaude ere, une bateko txori baino ez dira. Martin Ugaldek eta beste idazle askok orain arte izan duguna baino erresonantzia kaxa handiagoa merezi dute».

Ugaldek igorritako gutuna

Gaitz baten ondorioz, Martin Ugalde ez zen atzoko ekitaldian izan, baina hark idatzitako testu bat irakurri zuen Xabier Apaolaza Hamaika Bide elkarteko kideak. «Kongresu honetako jarduera guztietan pertsonalki azaltzea izango zen nire atsegin handiena», zioen Ugalderen gutunak.

Gutunaren bidez, esker ona agertu zion Ugaldek jende askori, motibo bat baino gehiagorengatik, Eugenio Arregiri, Inazio Zubeldiari, Juan Mari Zabalari, Joxemi Zumalaberi, Eduardo Txillidari, Iñaki Uriari, Joan Mari Torrealdairi, Xabier Mendiguren Elizegiri eta Elkarlanean argitaletxeko taldeari, Fermin Olaskoagari, Mikel Zuazabeitiari, Manu Labaieni, Mariaje Zapiriaini...

«Luze joko luke jaso ditudan omenaldi guztiak aipatu eta eskertzea», zioen, amaieran, Ugalderen gutunak, «baina derrigorrezkoa zait EHUk eman zidan honoris causa doktoretza gogoraraztea, hain barnean ukitu baininduen». Andoain eta Hondarribia herriekin ere zorretan sentitzen da Ugalde.

Atxaga eta Apaolazaz gain, jardunaldiak babestu dituzten erakundeetako ordezkariak ere mintzatu ziren ekitaldian: Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua; Luis Bandres, Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatua; Jose Luis Zinkunegi, Deustuko Unibertsitateko errektoreordea; eta Jose Antonio Barandiaran, Andoaingo alkatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.