GURUTZE IZAGIRRE - DONOSTIA
Alfontso Martinez Lizarduikoa Soto del Realen espetxeratzeko agindu zuen atzo, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Martinezek inkomunikaturik deklaratu behar izan zuen atzo goizean Garzonen aurrean, eta gauean eraman zuten Soto del Realera. Iraultza zerga delakoa dela eta, ETA eta enpresarien arteko bitartekari lana egitea egotzi dio Garzonek Martinezi, eta kolaborazioa egotzita espetxeratu dute.
Arratsaldean Alizia Stürtze emaztearekin eta Zigor Reizabal konfiantzako abokatuarekin egoteko beta izan zuen Martinezek. Ordura arte, bere senide eta lagunek ez zuten bere berririk izan. Garzonek atzo kaleratutako autoak, Azkoyengo zuzendaritzako buru ohiak eta Martinez Lizarduikoa lotzen ditu. Garzonen aburuz, Ignacio Moreno Azkoyengo zuzendari ohia izan zen 2001ean ETAri 220.000 euro pasatxo ordaindu zizkiona ®¢ 37 milioi pezeta®¢. «Morenok administrazio kontseiluaren aginduak betez egin zuen ordainketa», Garzonek autoan dioenez. Moreno atzo joan zen bere kabuz Auzitegira deklaratzera, eta 20.000 euroko bermepean aske utzi zuen Garzonek. Lau egun ditu bermea ordaintzeko. Martinezi berriz, ETAk diru hori kobratzeko bitartekari lanak egin izana egozten dio.Horrekin batera, Jesus Marcos, auzi berean inputatutako Azkoyengo administrazio buru ohia herenegun 20.000 euroko bermepean aske utzi zuen.Garzonek Marcos, Moreno eta Martinez Lizarduikoari egozten die ETAri dirua iritsiarazi izana. Marcos eta Moreno bermepean aske utzi dituen arren, ez du erabaki berdina hartu Martinez Lizarduikoarekin, «bere jokaera larria izan da, ihes egiteko arriskua dago eta berriro delitua egin dezake», Garzonek autoan dioenez. Fiskalaren eskaerari erantzun eta baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu du Garzonek.Aitzitik, Marcosen eta Morenoren «aurkako akusazioen larritasuna aintzat hartu arren beraien egoera pertsonala eta familiarra, zein gizartearekin duten lotura kontuan izanda», fiskalaren eskaerari erantzunez, aske uztea erabaki zuen.
Stürtze: «Ez dugu ulertzen zergatik espetxeratu duten»
Alizia Stürtzek gogor salatu zuen Garzonen erabakia. Martinez Lizarduikoarekin egon berritan erantzun zion Berriari. Stürtzek salatu zuen Garzonek Martinezi sumario bat ireki nahi izana, arrazoi beragatik beste hainbat lagun aske utzi dituenean. Are larriagoa iruditzen zaio kontuan izanda Martinezen osasun egoera. Osasun arazo larriak ditu Martinezek, eta egunero, sendagai ugari hartu behar ditu. «Garzonen beste ekimen bat da euskal kulturan ezaguna den pertsona baten aurka, eta oraingoan Alfontsori tokatu zaio». Bestalde, Stürtzek gogoan izan zituen jasotako elkartasun eta babes mezuak eta esker onak agertu nahi izan zituen.
Halaber, Zigor Reizabal abokatuak jakinarazi zuen gaur bertan jarriko dutela helegitea espetxeratze autoaren kontra.Reizabalek, batetik, atxilotzeko modua eta prozedura nola joan zen salatu zuen. Inkomunikatuta atxilotu zuten eta deklarazioa inkomunikatuta hartu zioten. Beraz, konfiantzako abokatuak ez du jakiterik izan fiskalak zein argudio eman dituen espetxeratzea eskatzeko.Bestetik, espetxeratze autoak ETAri laguntza ematea egozten dio, baina Reizabalek adierazi zuenez, Garzonek autoan ez du argudiorik ematen kolaborazio hori arrazoitzeko. Hori dela eta, helegitea aurkeztuko du, besteak beste, honako argudioekin: kolaborazioa arrazoitzeko argudiorik ez dagoela; ihes egiteko arriskurik ez dagoela, eta hori arrazoitzen duten hainbat froga aurkeztuko dituzte; eta bestetik, Martinezen osasun egoera larria dela, eta hori frogatzeko mediku agiriak aurkeztuko dituzte.Gainera, fiskalari Martinezen osasun agiriak ikus ditzan eskatuko dute. Reizabalen aburuz, ikusi izan balitu ez luke bere espetxeratzea eskatuko. Eta fiskalak eskatu ezean, ez dauka Garzonek espetxeratzea agintzerik.Bestalde, Reizabalek esan zuen Martinez Lizarduikoa kezkatuta aurkitu zuela osasun egoeragatik eta epaileak egozten dizkion inkulpazio larriengatik. Martinez herenegun eguerdian atxilotu zuten Donostian. Arratsaldean Gaiak argitaletxeko egoitzara eraman zuten. Bera argitaletxeko kolaboratzailea da, ez arduraduna Berriak atzo argitaratu zuen moduan. Herenegun, beraz, argitaletxea miatu zuten. Miaketa amaitu ostean egoitza hankaz gora topatu zuten, argitaletxeko kide den Iñaki Gonzalez de Garaiak Berriari adierazi zionez.
Aiesa: «Kezkagarria da, baina iritsi behar zuen»
Auzitegi Nazionalak gogor egin du oraingoan enpresarien aurka. Lehen aldiz atxilotu eta auzipetu dute norbait, iraultza zerga delakoa ordaintzeagatik.
Azkoyen enpresako kidea atxilotu izanak Jose Manuel Aiesa Nafarroako enpresaburuen elkarteko presidente eta Azkoyengo presidenteordea asaldatu zuen atzo. Zuzendaritzako kidearekin gertatutakoa «kezkagarria» dela esan zuen, baina iritsi behar zuen egoera dela onartu zuen. Aiesak esan zuenez, enpresaburuek jasaten duten presioa kontuan hartu behar da, baina ez da ahaztu behar ETAri diruz laguntzea delitua dela. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak Azkoyen enpresara normaltasuna itzultzeko «erakundeetatik lan eginen» duela iragarri zuen atzo eta «zuhurtzia» eskatu zuen.
2004-04-02
Martinez Lizarduikoa espetxeratu du Garzonek, «kolaborazioa» egotzita
Auzi berean inputatutako Azkoyengo zuzendari ohia bermea ordainduta askatu du, deklaratu ostean, «ihes egiteko arriskurik» ez duela argudiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu