Martxa egingo dute larunbatean Antiguan, auzoko presoen eskubideen alde

2015eko abenduaren 23a
15:31
Entzun

Isolamenduari stop, dispertsioari stop lelopean egingo dute manifestazioa Donostiako Antigua auzoan, 13:30ean Gaskuina plazatik abiatuta.

Antolatzaileek Jon Enparantza preso dagoen abokatuaren egoeraz ohartarazi dute. Bi urte beteko ditu preso urtarrilaren 8an, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) beste zazpi bitartekarirekin batera atxilotu baitzuten 2014ko urtarrilean. Harrezkero, "muturreko"  bakartzean dagoela salatu dute, eta egoera hori amai dadin egingo dute protesta.

Egitasmo ugari abiatu dituzte Enparantzaren egoeraren berri emateko. Manifestazioa egin zuten Antiguan, eta 500 salaketa baino gehiago aurkeztu zituzten epaitegian. Halaber, Segovia eta Ocañako espetxeetara martxa egin zuten, eta udal mozio bat onartu zuen Donostiako Udalak.

Haren egoerak, ordea, ez du hobera egin. Abenduaren 9an, badaezpadako espetxealdia luzatu zioten. "Bereziki salagarria da Velasco epaileak izan zuen jarrera, defentsaren argudio eta arrazoiketari mespretxu eginez. Ziurtasun osoa dugu Jon espetxean mantentzea erabaki politikoa dela eta aurrez hartua zuela erabakia epaileak", nabarmendu dute.

Antiguako preso guztien sakabanaketa salatuko dute larunbateko martxan; azaldu dutenez, Sebas Lasa, Alfon Sebastian, Mikel Albisu, Marixol Iparragirre, Juan Karlos Herrador eta Ekaitz Iberoren senide eta lagunek 8.740 kilometro egiten dituzte astebururo preso horiei bisitan joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.