Matxitxakoko gudua

2008ko ekainaren 25a
18:37
Entzun
Eneko Bidegain (2007ko irailaren 2a)

Kanoiek ozen inarrosi zituzten Matxitxakoko inguruak, 1937ko martxoaren 5ean.

Itsasargiak ez zuen ezertarako balio izan. Frankisten gerra ontziak Kantauri itsaso osoan zehar hedatu ziren, errepublikarren portuetarako sarrera mozteko. Egun haietan armaz kargaturiko ontzi bat heldu beharra zen Mexikotik, eta beste bat (Galdames ontzia) Baionatik. Martxoaren 4ean, Bilboko portutik lau bou atera ziren Galdames laguntzeko: Gipuzkoa, Bizkaia, Donostia eta Navarra.

Ilun zen, argirik gabe ibili ziren, eta irratia itzalirik. Horren ondorioz, Baionatik abiatu zen merkantzia ontzia bidetik baztertu zen, eta haren laguntzera joanak ziren bou-ak ere desbiratu behar izan ziren. Eguna argitzean, bou-ak merkantzia ontzia aurkitu beharrez hasi ziren.

Ez zuten ontzia aurkitu. Bizkaia eta Gipuzkoa bouak Bilboko portura itzultzean, frankisten Canarias gerra ontziak Gipuzkoa boua ikusi eta haren aurka tiro egin zuen, 13:30ean. Bost gudari hil ziren, eta beste anitz zauritu. Bizkaia boua Matxitxakoko inguruetan zebilen. Estoniako banderarekin zebilen merkantzia ontzi batekin topo egin zuen. Armak zekartzala oharturik, Bermeoko portura lagundu zuten, CanariasGipuzkoa-ren aurka ari zen bitartean. Ontzia Bermeon deskargatu ahal izan zuten, eta armak hartu.

Gipuzkoa bouak Portugaleteko portura iristea lortu zuen, sua eta kalteak non nahi. Canarias iparralderantz abiatu zen. Matxitxakoko parean, Galdames merkantzia ontzia parez pare aurkitu zuen, 14:45ean. Tiroka hasi zen, eta Galdames-ek bandera zuria atera zuen.

Orduan, Canarias ontzia Donostia eta Navarra bouen aurka hasi zen tiroka. Donostia-k ihes egitea lortu zuen. Navarra-ko komandante Enrique Morenok errenditu baino nahiago izan zuen borrokan hondoratu, eta tiroz erantzun zion frankisten ontziari. Guduak bi oren baino gehiago iraun zuen, Canarias-en azken tiro batek ontzia erabat funditu zuen arte. Moreno komandanteak, beste batzuekin batera, ontzian gelditzea erabaki zuen, eta harekin batera hondoratu zen. Berrogeita bederatzi gizonetik hogei baizik ez ziren salbatu. Frankistek preso hartu zituzten.

Gaur egun, bou Navarra ontzia Matxitxakoko ur azpietan dago, 120 metroko sakoneran. Haren ondoan beste ontzi batzuk ere badaude. Batetik, bigarren gerla mundialean urperatutako alemanen ontzi bat. Urpekariek beste ontzi bat aurkitu zuten, duela ez aspaldi. Dozena bat metroko merkantzia ontzi bat, bitan zatiturik. Duela mende erdi bat urperatu bide zen. Baina oraindik ez dakite haren izena, ez eta zergatik urperatu zen. Itsasargia mintzatuko balitz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.