Espainiako Auzitegi Nazionalak kaleratutako autoak agindutakoa betez, Algecirasko (Espainia) ospitaleko medikuak Iñaki de Juana Chaos euskal presoa elikatzen eta tratamendu terapeutikoa ematen hasi dira. Hala hedatu zuten atzo berri agentziek. Auto horrek behartu egiten zituen medikuak De Juana elikatzera eta «behar» zuen tratamendua ematera.
Espetxe Erakundeetako iturrien arabera, tratamenduarekin «normaltasun osoz eta arazorik gabe» hasi zirela esan zuten medikuek. Iturri horiek diotenez, De Juanari bere osasun egoeraren eta izan zitzakeen arriskuen berri eman eta gero hasi dira medikuak tratamenduarekin. Halaber, De Juanari Auzitegi Nazionalaren autoa erakutsi diotela nabarmendu zuten informazio horiek.
Iñaki de Juana herenegun gauen eraman zuten Algecirasko erietxera, gose grebako 44. eguna betetzen zuen egunean. Zenbait analisi egin ondoren erabaki zuten medikuek De Juana kartzelatik erietxera eramatea. Behin ospitalean, presoentzat bereziki prestaturiko ziega batean sartu zuten. Algecirasko Ospitaleko medikuek artatu zuten orduan, eta De Juanaren egoera ikusita, Espetxe Erakundeek Espainiako Auzitegi Nazionalari eman zioten euskal presoen osasun egoeraren berri. De Juanaren egoerak okerrera egiten bazuen, euskal presoa elikatzen hasteko agindua emana zuen aurretik Auzitegi Nazionalak , eta atzo arratsaldean agindu hori berresten zuen autoa kaleratu zuen.
45. egunean
Abuztuaren 7an hasi zuen Iñaki de Juana euskal presoak gose greba mugagabea. Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako espetxe zigorra bete zuela, eta sumario berri bat ireki diotelako hil arteko kartzela zigorra ezarri nahi diotela salatzeko hasi zuen borrokaldia. Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak zabaldu zuen haren aurkako sumarioa 2005eko abuztuan, Gara egunkariak kaleratutako bi artikuluri erreparatuta. Erakunde armatuko kide izatea eta mehatxu terroristak egitea leporatu Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 96 urteko kartzela zigorra eskatzen du De Juanarentzat.
Gose greba mugagabeari ekiteko hartu zuen «erabaki latzaren» arrazoiak «erraz ulertzeko modukoak» direla azaldu zuen De Juanak irailaren 11n, gose grebaren 35. egunean, idatziriko gutunean. «Gose greba dut 'aski da!' esan eta mahaian ukabilkada sinboliko jotzeko eskura daukadan modu bakarra». Gutunaren amaieran, dena emango zuela zehaztu zuen.
Presoak
Medikuak Iñaki de Juana elikatzen hasi dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu