Honakoa da Xabier Mendigurenek Donostiako Bulevarrean, manifestazioa amaieran, egin duen hitzaldia:
"Milaka eta milaka lagun elkartu gara berriro ere euskarari bai esateko, euskararen normalizazioari bai esateko, hizkuntz eskubideei bai esateko. Eta euskararen gizarte erakundeen lanari babesa eta sostengua emateko, euskararen historian herenegungoa bezalako egun beltzak berriro errepika ez daitezen.
Euskararen normalizazioaren alde lan egiteagatik zortzi lagun atxilotzea onartezina da. Nahi adina argudio maltzur eta faltsu erabili ahal dituzte; baina jakin badakigu lagun hauek egiten duten lana zein den. Eta une honetan lagun hauek bizitzen ari diren babesgabezi egoeragatik gure kezka adierazi nahi dugu. Gure elkartasuna eta abegikortasuna adierazi nahi dizkiegu bere senideei eta lagun guztiei.
Gaur hemen bildu garenok euskaltzaleak izateaz gain, euskal herritar ere bagara. Eta aitortzen dugu herri honek eskubidea duela bere hizkuntza garatzeko eta beste edozein herri bezala bere hizkuntzan bizitzeko.
Horregatik, “Gora Euskal Herri Euskalduna” esatera etorri gara. Herri bakoitzak bere hizkuntza sustatzeko, garatzeko eta bultzatzeko eskubidea daukalako. Gure herriak ez duelako salbuespena izan behar.
Europako estatu gehienek sinatutako Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak aitortzen du bizitza pribatuan eta jendaurreko jardunean gutxiengoen hizkuntzan mintzatzeko eskubidea ukaezina dela, herri bakoitzaren hizkuntza eta kultura sustatzeko eta bultzatzeko eskubideak ukaezinak direla. Eta horixe da euskaldunok eskatzen ari garena, gure eskubideak, gure giza eskubideak errespetatzea. Hain zaila al da hori ulertzea eta onartzea?
Berriro ere, esan behar dugu, Euskal Herri Euskalduna nahi dugula, hizkuntz eta kultur aniztasunean sinistuta gaudelako. XXI mendean hizkuntzak areriotzat hartzeak ez du inolako zentzurik. Beraz, euskararen aldeko lanean dihardugunok utz gaitzazue bakean, utzi gure lana garatzen!
Otsailean Egunkaria itxi zutenean, dei zuzena egin genien alderdi politikoei. Orain, berriz, dei berbera egin behar dizuegu, euskararen defentsan eta normalizazio ahaleginetan eragile aktibo izan zaitezten. Egoerak eskatzen du akordio politiko zabala egitea, euskararen normalizazioa garatzeko akordio hori ezinbestekoa baita. Euskalgintzatik eskaera bat egiten dizuegu: ausardiaz jokatzeko, gure hizkuntza eta gure herri izaera aurrera ateratzen laguntzeko, iritzi politiko desberdin guztien gainetik. Hori izango da gure etorkizun baketsurako ekarpen eta bermerik hoberenetakoa.
Kontseilua eta bera osatzen duten erakundeok hizkuntz normalizazioarekiko eta hizkuntz eskubideekiko konpromisoa berretsi nahi dugu. Helduak eta umeakeuskalduntzen, albisteak euskaraz zabaltzen, liburuak gure hizkuntzan argitaratzen, hizkuntz eskubideen defentsan, gizarte eragileak euskararen normalizazio bidean sar daitezen eragiten jarraituko dugu. Ez izan inolako zalantzarik.
Milaka eta milaka euskaltzalek irekitako bidetik jarraituko dugu. Euskal Herria euskalduna izango dela ziur gaude. Euskararen normalizazio prozesuan urrats inportanteak egiteko garaia da.
Eginbehar honetan denok beharrezkoak gara, eta horregatik lehen bait lehen hemen behar ditugu baita ere urrun dauzkagun gure lankideak, lagunak eta senideak ere: Joxe Mari Sors, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, Mikel Arrizabalaga, Angel Ramon Diez, Amando Hernandez, Iñaki Uria, Xabier Alegria eta Xabier Oleaga.
GORA EUSKAL HERRI EUSKALDUNA! Bai euskarari!"
Martin Ugalde Kultur Parkearen kontrako operazioa / Manifestazioa Donostian
Mendigurenen hitzaldia, osorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu